Udalekurik ez dute egingo aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Udalek erabaki dute kultur jardueretan kalean edo leku itxietan gehienez 250 lagun izatea, eserita beti, datozen hilabeteetan.

Baserri udalekuak, Zestoako Sastarrainen (Gipuzkoa), 2019an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Andoni Imaz
2020ko maiatzaren 15a
13:25
Entzun

Arabako Foru Aldundiak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak erabaki dute aurten ez dagoela «baldintzarik» udalekuak egiteko, COVID-19 gaitzetik babesteko protokoloekin «bateraezinak» direlako. Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol diputatuak eman du erabakiaren berri Arabako Batzar Nagusietan. Bertan behera utziko dute, beraz, 7 eta 13 urte artekoentzako Udalekuak 2020 programa.

Del Valek azaldu du elikadura eta ostatu hartzea izango liratekeela zailtasun nagusiak, eta osasun larrialdiari aurre egiteko hartutako neurriekin ezingo lituzketela egoki bete «bizikidetza eta sozializazio helburuak».

«Hasieratik ari gara beste aukera batzuk aztertzen, eta, oraingoz, guztiek dituzte alde egokiak eta desegokiak», esan du. Gainera, haren ustean, kontua ez da berehalako irtenbide bat aurkitzea, baizik eta analisi orokor bat egitea gazte politikei buruz.

Eudel Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen elkartea ere gai horren gainean aritu zen atzo egindako bilera batean, eta haiek ere ados jarri ziren udalekurik ez egiteko. Gainera, BERRIAk jakin duenez, Gorka Urtaran presidenteak proposatu zituen «oinarrizko aholku batzuk» onartu zituzten: kultur jardueretan kalean edo leku itxietan gehienez 250 lagun izatea, eserita beti, eta tokia gutxienez mila metro koadrokoa izanik; eta udal azpiegitura estaliak itxita egotea, salbu liburutegiak liburuak maileguan emateko eta ekitaldi zehatzen bat egiteko auditoriumak. Datorren irailaren 15era arte iraungo dute aholku horiek, baina betiere berrikusteko moduan izango dira.

Eudelek bigarrenez ez zuen onartu Eusko Jaurlaritzak kultura, festa eta aisialdiko ekinbideen irizpideez prestatutako dokumentua, oraindik ere iritzi baitio osasun berme handiagoa beharko litzatekeela igerilekuak eta bestelako azpiegiturak irekitzeko edota hainbat jarduera egiteko.

Gaur, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek erabaki dute udako jai nagusiak bertan behera uztea. Sanferminak ere bertan behera utzi zituen Iruñeko Udalak apirilean. Baionako besten inguruan, ordea, ez dago oraindik erabaki ofizialik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.