Koronabirusa

Eudelek bigarrenez ez ditu onartu kultura eta aisialdiko jardueretako irizpideak

Udalen elkartearentzat, ez da aski izan Jaurlaritzak egokitutako txostena. Aholku batzuk besterik ez dituzte jo ontzat; udalekurik ez da izango

Zestoako (Gipuzkoa) iazko udaleku bat. ANDONI CANELLADA / FOKU.
enekoitz esnaola
2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Eudel EAEko udalen elkarteakbigarrenez ez du onartu Eusko Jaurlaritzak kultura, festa etaaisialdiko ekinbideen irizpideez prestatutako dokumentua, oraindik ere iritzi baitio osasun berme handiagoa beharko litzatekeela igerilekuak eta bestelako azpiegiturak irekitzeko edota hainbat jarduera egiteko. Eudelek atzo goizean egin zuen Jaurlaritzak asteon egokitu duen txostena aztertzeko bilera telematikoa; alkateek berriro esan dute azkeneko erabakiaren erantzukizuna ez dela eurengan utzi behar; partekatu egin nahi dute erabakia. Oinarrizko aholku gutxi batzuk baino ez dituzte jo ontzat; kasurako, udalekurik ez egitea.

Jaurlaritzak atzo zortzi zeukan dokumentua onartzeko asmoa, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak Eudeleko presidentearekin, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin, hiriburuetako alkateekin eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzarekin Lehendakaritzan egindako bileran, baina Eudelek esan zuen ezin zuela onartu egun bereko goizean egin zuen zuzendaritzako batzarra, eta Osasun Sailaren txosten bat eskatu zuen. Jaurlaritzak asteartean helarazi zion; aurrekoa baino zehatzagoa da, baina ez da aski izan. Atzoko bileran, EH Bilduko eta PSE-EEko alkateak ez ziren onartzearen alde azaldu, eta EAJko alkate batzuek ere ez zuten aldeko jarrera erakutsi. Hain zuzen, EAJko zortzi alkate, EH Bilduko bost eta PSEko bi daude zuzendaritzan; Gorka Urtaran (EAJ) Gasteizko alkatea da presidentea, eta Jose Antonio Santano (PSE-EE) Irungo eta Nagore Alkorta (EH Bildu) Azpeitiko (Gipuzkoa) alkateak presidenteordeak.

Onartutakoa

Urtaranek proposatuta, «oinarrizko aholku batzuk» onartuzituzten, BERRIAk jakin duenez—Eudelek ez zuen oharrik atera—. Funtsean, hauek: kultur jardueretan kalean edo leku itxietan gehienez 250 lagun izatea, eserita beti, eta tokia gutxienez mila metro koadrokoa izanik; udalekurik ez egitea; eta udal azpiegitura estaliak itxita egotea, salbu liburutegiak liburuak maileguan emateko eta ekitaldi zehatzen bat egiteko auditoriumak. Datorren irailaren 15era arte iraungo dute aholku horiek, baina betiere berrikusteko moduan izango dira.

Horrez gain, Eudeleko zuzendaritzan erabaki zuten udal teknikari batzuez osatutako lantalde bat osatzea, eta hark Eudeleko zuzendaritzari proposamen bat egingo lioke. Ez zuten eperik zehaztu baterako zein besterako.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako «normaltasun berri baterako trantsizio ordenatu bat» planteatu du Jaurlaritzak dokumentuan, eta, «bizitza publikoa berme batzuekin berreskuratu ahal izateko», «oinarrizko osasun irizpideak» proposatu ditu zenbait arlotarako. Idatzian dio bere Osasun Sailarekin kontrastatuta daudela neurriak, eta edozein erabakik beti egon behar duela infekzioaren bilakaeraren eta kutsaduraren mende, zeina «Osasun Sailak une oro monitorizatuko duen». Era berean, haren dokumentuak dakar irizpide komunak onartuz gero erakunde bakoitzeko arduradunek dagozkien erabakiak hartu ahal izango dituztela. Ordea, alkateek hiru taldeetakoek segurtasun eta berme handiagoa eskatzen segitzen dute.

Jaurlaritza, Eudeleko burua, ahaldun nagusiak, hiriburuetako alkateak eta gobernuaren ordezkaria atzo arratsaldean bildu ziren, hitzartua zuten bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.