Udalerri euskaldunetako gaztetxoak elkarrekin udaleku batzuetan biltzeko proposamena egin du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Hezkuntzan ari dira pausoak ematen azken urteetan, arnasguneei buruzko hezkuntza proiektuarekin, eta hezkuntza arautuaren mugetatik kanpo ere hasi nahi dute.
Egitasmo pilotua da aurkeztutakoa, Josu Labaka Uemako lehendakariaren esanetan. Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz antolatu dute. Udalerri euskaldunetako 15-18 urteko gaztetxoentzat prestatu dute udalekua; helburua da gaztetxo horiek “euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea”. Salto leloa dute udalekuek. “Helburua da euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea lortzea”.
Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aurkezpenean nabarmendu du arnasguneetako gazteek "indar handia" dutela arlo soziolinguistikoan, eta hor eragin behar dela.
Zestoan egingo dute egonaldia, Gipuzkoan, uztailaren 10etik 17ra. Sastarrain aterpetxea izango dute egoitza.
Izena emateko, Uemara bertara jo behar da. Udalerri euskaldunetako gaztetxoentzat da udalekua; alegia, euskaldunen indizea %70etik gorakoa duten udalerrientzat —Uemako kide izan zein ez—.