PSNk atzo Nafarroa Bairekin 2007tik zituen udal arloko akordioak hautsi dituela iragarri zuen eta NaBaik gaur, horri erantzunez, eurek ez dutela ezer hautsi eta udaletan lanean jarraituko dutela jakinarazi die. PSN eskuinaldera gerturatzen ari dela nabarmendu du NaBaik. "Ezkerreralderako itzulera bidea egiten duenean itxaroten egongo gara". NaBai koalizioa Aralar, EA, EAJ eta Batzarrek osatzen dute.
UPN eta PSNren arteko estrategiaren barnean kokatu du NaBaik PSNren jarrera. "2011ko foru eta udal hauteskundeak dituzte buruan".
Horrez gain, "iraingarritzat" jo ditu koalizioak atzo PSNk haustura argudiatzeko egindako adierazpenak eta horiek "aitzakiak" direla dio. "NaBaik ANVko hautesleriarengana hurbiltzeko asmoz oso ondo diseinatutako estrategiari ekin dio azken hilabeteetan, eta bere aurpegirik abertzaleena erakutsi du", azaldu zuen atzo PSNk. Gainera, PSNk aurreko astean ohartarazi zion NaBairi jokabide "erradikal" horrek ondorioak izango zituela.
Ezker abertzalearen deia NaBairi
Ezker abertzaleak Nafarroa Bairi ohartarazi dio "hirugarren bideak alferrikakoak" direla, eta "aldaketa politikoa" lortzeko bidean eragileekin elkarlanean aritzeko prest dagoela. "PSNren eskutik ezin da aldaketa lortu", dio ezker abertzaleak, eta harengan eragiteko beharrezkoa dela independentistak eta aurrerakoiak batzea.
UPN eta PSN bat eginda ikusten ditu ezker abertzaleak, eta haiek aldaketa politikoa eragozteko xedea dutela. "Estatu interesak dituzte".
Uxue Barkos Nafarroako Baiko zinegotzi eta parlamentariak ezker abertzaleari "ETAren menpekotasunetik askatzeko" eskatu dio; bestela, ezingo dutela koalizioarekin elkarlanean aritu.
politika
Udaletan lanean jarraituko duela adierazi du NaBaik, akordiorik hautsi ez duelako
PSNk Nafarroa Bairekin dituen udal arloko akordioak eten zituela jakinarazi zuen atzo, "NaBaik ANVko hautesleriarengana hurbiltzeko asmoz oso ondo diseinatutako estrategiari ekin" diolako. Ezker abertzaleak "aldaketa politikoa" lortzeko bidean elkarlanean aritzeko prest dagoela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu