UEMAko 59 udalerritan euskara lehenesteko akordioa egin dute hiru finantza erakundek

Kutxabank, Laboral Kutxa eta Bankoa Abancako arduradunek agerraldia egin dute gaur Tolosan, udaletako ordezkariekin batera, eta han aurkeztu dute hitzarmena.

Akordioaren berri emateko agerraldia, gaur, Tolosan. UEMA
Akordioaren berri emateko agerraldia, gaur, Tolosan. UEMA
arantxa iraola
2025eko azaroaren 20a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragan urteotan indartuz joan den akordio bat berritu dute gaur Tolosan (Gipuzkoa), inoiz baino sendoago, eta, haren bidez, hiru finantza erakundek euskara lehenetsiko dute UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko 59 udalerritan. Laboral Kutxa, Kutxabank eta Bankoa Abanca dira hiru finantza erakundeak. Lehen biak aitzindariak izan ziren bidean: 2016an egin zuten lehen akordioa udalerri euskaldunekin, eta 30 udaletan euskara lehenesteko konpromisoa hartu zuten orduan. Bankoa Abancak ere bat egin zuen akordioarekin 2021ean, eta, orduan, 44 udalerritarako ezarri zuten konpromisoa. Orain akordioak 59 udalerriri eragingo diela jakinda, koska bat gora egin dute gaur. 

Gaurko agerraldian, Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok egin die harrera finantza erakundeetako eta udalerri euskaldunetako ordezkariei. Ondoren hitza hartu dute UEMAko lehendakari Martin Aramendik eta finantza erakundeetako ordezkariek. Kutxanbanken izenean, Txikizkako Bankaren zuzendari Aitor Aranburu Olabarri joan da; Laboral Kutxaren izenean, Pertsonen Departamentuko zuzendari Iñaki Egizabal Zinkunegi, eta Bankoa Abancaren izenean, euskara koordinatzaile Ana Urkiza. 

Aramendik finantza erakundeon konpromisoa goraipatu du. «Argi dute kalitatearen funtsezko osagaia dela bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea. Hori bermatzeko neurriak hartu eta berretsi dituzte hitzarmen honetan», azaldu du. Tankerako erabakien garrantzia zer-nolakoa den gogoratu du. «Bi hizkuntza ofizialen artean desorekan dagoen hizkuntza ahula da euskara, eta, beraz, ezinbestekoa da hau lehenesteko neurriak hartzea, euskara zabaltzeko eta sendotzeko asmoz, betiere modu argi eta garbian aitortuta bezeroek ahozkoan eta idatzian euskaraz jarduteko duten eskubidea».  

«Hobekuntzak» egiteko

Laboral Kutxaren izenean, Egizabalek azaldu du 27 urte baino gehiago badirela udalerri euskaldunen mankomunitatearekin lankidetzan hasi zirenetik, eta irmo jarraitu nahi dutela bidean. «Akordio honek esanahi berezia du guretzat; hitzarmenak aukera ematen digu hobekuntza aukerak atzemateko». Aranburuk ere azaldu du Kutxabanken euskararen erabilera handitzeko bideetako bat dela akordio hau: «Trakzio lana sortzen du hizkuntza kudeaketako prozesuetan, hobeak izateko eskatzen baitigu». Bankoa Abanca izan zen hitzarmenarekin bat egiten azkena. Urteotan han jasotakoak betetzea «erronkatzat» jo du gaur Urkizak, eta azaldu aurrerabide horietan segitzea dela orain helburua. «Bidea egin dugun seinaletzat daukagu hitzarmen berri hau sinatzea».

Lau urteko indarraldia izango du hitzarmen horrek, eta, eraginkorra izan dadin, jarraipen batzorde bat eratuko dute finantza entitateetako eta UEMAko ordezkariek. Esan dute urtean behin gutxienez bilduko direla. 

akordioaren gakoak

  1. Harremanak euskaraz.
    Udalen eta finantza erakundeen arteko harremanak, bai ahozkoak eta bai idatzizkoak, euskaraz izango dira. Udalek, halaber, hitzarmen honen edukiaren berri emango diete herritarrei eta udal langileei. 
  2. Euskararen presentzia bermatzeko hizkuntza irizpideak.
    Euskarazko arta bermatze aldera, hainbat neurri jarri dituzte. Bezeroak propio kontrakoa eskatzen ez badu, bete egin beharko dira. Horra zerrendatuta irizpide horietako hainbat: langileek lehen hitza euskaraz egingo diote beti bezeroari, mezu elektronikoak euskaraz edo ele bitan helaraziko zaizkie beti, finantza produktuei buruzko informazioa euskaraz emango dute beti, txartelak euskaraz konfiguratuko dira, finantza erakundeak euskararen eskaintza aktiboa egingo du, hizkuntza paisaia bereziki zainduko da, 35 urtetik beherakoei euskara hutsean bidaliko zaizkie komunikazioak... 
  3. Langileak
    Akordioan ezarritako hizkuntza irizpideak bete daitezen, langileei begirako hiru neurri hartuko dira. Baga: bulego horietako langileek gai izan beharko dute edozein lan mota euskaraz egiteko, eta xede horri begirako trebakuntza eta baliabideak ziurtatu beharko zaizkie. Biga: langile berri bat lanean hasten denean, konpromisoon berri emango zaio harrera egitean. Higa: euskara lan hizkuntza ere izateko ahalegina egingo du entitateak, langileen hizkuntza ohituretan eraginez.  

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.