Euskara. EAEko udal legearen aurkako epaia

UEMAko hautetsiak batu dira euskaraz lan egiten jarraituko dutela adierazteko

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaia «kolpea» dela esan dute, eta «erantzuna» eman behar zaiola. Adierazi dute «lege esparru eraberritu bat» eratzera egin behar dela

Konstituzionalak emandako epaia salatzeko UEMAk egindako agerraldia. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Usurbil
2023ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Agerraldi jendetsua egin zuten atzo UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko hautetsiek Usurbilen (Gipuzkoa). Udalerri askotako ordezkariak elkartu ziren, 125 alkate eta hautetsi, eta agiri bat irakurri zuten Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalei euskara hutsez funtzionatzeko bidea ezeztatu dien sententzia deitoratzeko. Udal legearen artikulu batek zehazten du zehazki euskarazko funtzionamendu hori; agiriak euskaraz bakarrik egiteko irizpideak zehazten ditu, eta horren kontrakoa izan da epaia. «Nahikoa da. Nahikoa dela esatera etorri gara gaur UEMAko ordezkariok», esan zuten. Mankomunitateko jarduneko lehendakari Iraitz Lazkanok irakurri zuen agiria. Nabarmendu zuten «hainbat kolore politikotako» ordezkariak batu zirela, eta batasun irudi horrekin erakutsi nahi izan dutela «lege babesarekin edo gabe» asmoa dutela euskaraz lan egiten jarraitzeko.

Ikusi gehiago:Garikoitz Goikoetxearen analisia: 'Aterkirik gabe'

«Guk horrelaxe jarraituko dugu, euskaraz funtzionatzen; horretarako bide luzea egin dugulako eta gure konpromisoa eta nahia delako». Gogoratu zuten udal legea 2016an Eusko Legebiltzarrean onetsi zela «gehiengo zabalaren» babesarekin. «1982ko Euskararen Legeak berak izan zuen baino adostasun zabalagoarekin». Azaldu zuten ezeztatu duten artikuluak, udal legearen 6.2 artikuluak, ez duela deus okerrik. «Arau horrek aukera ematen die udalei erakunde barruko idatzizko dokumentuak erabat euskaraz egiteko, betiere hizkuntza eskubideak urratu gabe», esan zuten. «Hizkuntza eskubideak UEMAko udaletan errespetatzen dira gehien». Gainera, oroitu zuten artikulu hori «udal barruko» dokumentuei buruz ari dela. «Ez gara ari herritarrekiko harremanei buruz».

Ikusi gehiago:Mendozarentzat, euskararen aldeko adostasunaren kontra doa

Ebazpenak inolaz ere onartu ezin den «atzerakada» bat dakarrela uste dute: «Kolpe handia da». Atzean «ultraeskuina» dagoela gogoratu dute. Hain justu, Voxek eraman zuen aurrena auzitara udal legean oinarritutako dekretu bat. Abiaburu horren ostean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak egin zuen «bigarren urratsa», dekretuaren «oinarriaren» kontra eginda: udal legearen beraren kontra. Legeak idatzizko agirien inguruan zehaztutakoak «inkonstituzionalak» izan zitekeen susmoa azaldu zuen, eta horra, horixe bera berretsi du orain Auzitegi Konstituzionalak.

Interpretazio «trakestua»

Konstituzionalak legearen interpretazio «erabat trakestua» egin duela uste dute UEMAn, eta hizkuntza eskubideei buruzko «argudio erabat onartezinak» erabili dituela. Eta ondorioak larriak dira: «Finean, epai honekin udalei eskumena kendu zaie beren barne funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko, eta muga argi bat ezarri da: administrazioan, gaztelaniaren makuluarekin soilik erabil daiteke euskara». Gogoratu dute udal legea onartu berritan Espainiako Estatuaren Abokatutzak auzitan jarri zituela hainbat artikulu, tartean 6.2 artikulua, baina akordio bat egon zela gero Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean legearen inguruan. «Hori ezerezean geratu da orain».

Ikusi gehiago:Iruñeko Agiria: berrogei urte

Gogoratu dute, baita ere, euskaraz jardun nahi duten udalen arazoak ez direla berriak; UEMAko udalek lehendik ere maiz izan dituzte arazoak aktak-eta euskaraz egiteko. «Eta sententzia honek berriro garamatza orduko egoerara». Berriki euskararen normalizazioaren kontrako epai gehiago ere egon direla oroitarazi dute, eta esan dute auzitegiak euskara sustatzeko «lege zimendua higatzen» ari direla ebatzi dituzten epai horiekin guztiekin.

Horregatik, pentsatzen dute «erantzuna» ezinbestekoa dela. Gogoratu dute Kontseiluak «oldarraldi judizialaren» aurkako manifestazio batera deitua duela azaroaren 4rako, eta nabarmendu dute garrantzitsua izango dela han egotea, protesta jendetsu bat egitea. Era berean, «oldarraldiari» aurre egite aldera «erantzun juridiko sendoa» ere behar dela uste dute. «Garaia dugu elkarlanean euskara sustatzeko lege orubea egokitzeko». Bide horretan sendo aritze aldera, «lege esparru eraberritu» bat behar dela azaldu dute, eta horren aldeko urratsak egin behar direla, egiturazkoak. «Badago premia, badaukagu erantzukizuna. Bila ditzagun bideak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.