UEMAko kide dira jadanik Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa eta Ormaiztegi

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak batzar nagusia egin du gaur, Azkoitian, eta udalerri horien eskaera onartu du. Gainera, 2025-2029rako plan estrategikoa onartu du batzarrak.

UEMA BN Azkoitia 1T
Irune Urbieta eta Martin Aramendi UEMAko lehendakariorde eta lehendakaria, ezkerretik hasita, zenbait udaletako alkateekin. UEMA
xabier martin
2025eko ekainaren 14a
12:45
Entzun 00:00:0000:00:00

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten udalerri euskaldunetako 140 bat alkate eta zinegotzi elkartu dira gaur, Azkoitian (Gipuzkoa), eta urteko lehen batzarrean, 2025-2029rako plan estrategikoa onartu dute. Horrez gain, Donamaria (Nafarroa), Ibarrangelu (Bizkaia), Mundaka (Bizkaia), Mutiloa (Gipuzkoa) eta Ormaiztegiko (Gipuzkoa) udalek mankomunitatera sartzeko egindako eskaerak ere onartu dituzte. Hala, 118 udal izatera heldu da gaur UEMA, eta horiek guztiek 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

UEMAko lehendakari Martin Aramendik nabarmendu du hazten ari dela udalerri euskaldunen lurgunea: «Poztekoa da gaur bost udalerri gehiago izatea gure artean. Ongietorria eman diegu, eta baita eskua luzatu ere lanean hasteko. Izan ere, hazkundeak eta euskararen ezagutzan oinarritutako datuek soilik ez dute bermatzen udalerri euskaldunetan euskara osasuntsu egotea». Horregatik, hurrengo lau urteotarako plan estrategikoarekin batera, lanerako ardatz berriak ere onartu ditu UEMAk.

Halaber, Azkoitiko batzarrean, Siadeco ikerketa etxeak UEMArentzat egindako proiekzio demolinguistikoa aurkeztu du Iñaki Iurrebaso soziologoak eta UEMAren ikerketa arduradunak. Zehazki, Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoaren emaitzen berri eman die batzarkideei. Geroago ere arreta handia eskatuko duen lana da, baina aurreratu dute 2036an euskara nola egongo den aztertu duela Siadecok, gertatzen ari diren aldaketa demografikoak kontuan izanda eta oraingo joera soziolinguistikoak bere horretan jarraituz gero. Emaitza askotariko eragileei aurkezten ari zaie UEMA, eta hurrengo asteotan plazaratuko du.

Oldarraldiaren kezka

Horrez gain, herriz herri euskararen egoerari buruzko argazki eguneratua biltzen duten koaderno demolinguistikoen berri eman die batzarkideei UEMAk; baita urrian Euskal Herrian egitekoa den arnasguneei buruzko nazioarteko konferentziaren berri ere. Era berean, euskara eta kulturartekotasuna uztartuz gurasoentzako berariaz prestatutako Etorri euskarara! ikastaro berriak aurkeztu dituzte, eta euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko UEMAk EITBrekin berretsi eta zabaldu duen hitzarmena azaldu dute. Azkenik, euskararen aurkako oldarraldiaren harira udalek dituzten kezkak ere izan dira hizpide, Azkoitian.

Bost herri berriekin, 118 udalerri izatera heldu da gaur UEMA, eta, hala, guztien artean 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatu dute

Bestalde, 2025-2029rako UEMAren plan estrategikoa ere aztertu eta onartu dute batzarkideek. UEMAren ohiko ildo estrategikoak berrestearekin batera, UEMAren koordinatzaile Miren Segurolak adierazi du gaur egungo egoera soziolinguistikoak eta euskararen egoera ulertzeko azken gakoek eskatzen dutela «lanerako ardatz berriak zehaztea eta abiaraztea», eta horiek biltzen dituela hurrengo lau urteotarako plan estrategikoak.

Bukatzeko, UEMAko kide izateko herri berriek egindako eskaerak onartu dituzte batzarkideek. Gaurtik aurrera, beste bost herri dira UEMAko kide: Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa eta Ormaiztegi. Behin horiek onartuta, bost herrietako udal ordezkariek hartu dute hitza. Batzarkideei eskerrak eman ondoren, «ilusioa eta ardura» nabarmendu dute gehienek. Izan ere, udalerri euskaldunak izan arren, euskararen biziberritzearen inguruko kezkak eta erabileran eragiteko zailtasunak aipatu dituzte. Bost herri berriekin, 118 udalerri izatera heldu da gaur UEMA, eta, hala, guztien artean 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.