2022an 50 urte bete zituen Udako Euskal Unibertsitateak, eta mugarri haren ondotik irekitako bideari helduko dio aurtengoan ere. Hogei ikastaro eta jardunaldi antolatu dituzte. Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariaren arabera, ikastaroak «hausnarketarako gune dira orain». Gaineratu duenez, UEUren funtzioetako bat da «Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren gaientzat gune akademiko bat eskaintzea».
Orain arte, UEUko ikastaroak Iruñean, Eibarren eta Baionan egin izan dira. Aurten, toki horiei gehituko zaizkie Bilbo, Gasteiz, Tolosa eta Usurbil eta Errenteria. Ekainaren 11n egingo da lehena, Bilbon, eta gainerako ikastaro gehienek uztailaren 11 arte iraungo dute. Salbuespen bat egongo da, jardunaldietako bat irailean egingo baita. Matrikulatzeko epea irekirik dago, eta UEUren webgunean kontsultatu daiteke.
Hasiera ekitaldia Bilboko Euskaltzaindiaren egoitza nagusian egingo da. Duela 25 urte, Inguma datu basea abiatu zuen UEUk, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, eta hasiera ekitaldiko jardunaldiak gai horri erreparatuko dio: Inguma, 25 urtez euskal komunitate zientifikoaren ispilu. Mende laurden honetan euskaraz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazio zientifikoa izango du ardatz. Euskal komunikabideetako analitika digitalari buruzko jardunaldiak itxiko du aurtengoa: irailaren 11tik 12ra bitartean egingo da, Eibarren.
Gaur goizean, Iruñean egindako aurkezpenean, Irati Itziar UEUko ikastaroen arduradunak azaldu du duela bi urte egindako gogoeta estrategikoaren ildotik jarraituko dutela. «Konpartitzeko guneak dira. UEUk izaera herritarra dauka, eta, euskal gizartearentzat interesgarriak eta beharrezkoak diren gaiak lantzeaz gain, parte hartzea sustatuko dugu». Itziarren arabera, aurrez aurrekoa izatea ezinbestekoa da, «jendeak hausnarketa egitea ez ezik elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburu».
UEUren arabera, hogei ikastaro eta jardunaldiak neurrira egin dira. Hainbat eragilerekin elkarlanean antolatu dituzte —hala nola Kontseilua, Jakin aldizkaria, Gezki ikerketa taldea, Iratzar fundazioa, ALDEE... Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean hiru ikastaro antolatu dira, eta Iruñeko Ezpeleta jauregian egingo dira, ekainaren 25ean eta 26an. LGTBI eta nerabezaroa, sexuen hezkuntza eta haur eta gazteen estimua aztertuko dituzte.

UEUko ikastaroak
- Ekainak 11.Inguma eta euskal komunitate zientifikoa, Bilbon.
- Ekainak 12. Egungo gizarte aldaketak eta euskararen arnasguneak, Tolosan.
- Ekainak 13. Taupada atzerakoiari Euskal Herrian nola aurre egin, Eibarren.
- Ekainak 17. Gizarte Ekonomiako ikertzaileen topaketa, Eibarren.
- Ekainak 19. Kooperatibismoari buruzko saio bat eta irizpide agroekologikoei buruzko beste bat, Usurbilen.
- Uztailak 25. LGTBI eta nerabezaroa, sexuen hezkuntza eta haur eta gazteen estimua, Iruñean.
- Ekainak 26. Filosofo Euskaldunen II. Bilkura, eta pentsaera konputaziola eta informatikaren oinarriak, Iruñean.
- Ekainak 30. Euskararen periferiak eta gaur egungo Euskal Herria kolonialismoaren emaitza ote den, Gasteizen.
- Uztailak 1. Hezkuntza inklusiboa al den eta berrikuntza pedagogikoak, Eibarren.
- Uztailak 3. Informazio kudeatzaileen XI. bilkura, Eibarren.
- Uztailak 4. Hizkuntzalaritza klinikoko II. jardunaldia, Baionan.
- Uztailak 7. Literaturaren irakaskuntza Bigarren Hezkuntzan, Baionan.
- Uztailak 8. Argazkiak eta Commons, Baionan.
- Uztailak 10. Euskal literaturaren eta arte garaikidearen irakurketa feminista eta queerra, Eibarren.
- Uztailak 11. Eraldaketako teoriak zorrozten, Errenterian.
- Irailak 11. Analitika digitala euskal komunikabideetan, Eibarren.