Negoziazio mahaian elkartu dira gaur berriro Gipuzkoako zahar etxeetako enpresetako arduradunak eta langileen ordezkariak, eta izan da berritasun bat: UGT sindikatuak akordio bat itundu du enpresekin. «Partziala» da: soldata igoeren ingurukoa. Sindikatuak, ordea, langileen ordezkaritzaren %10 besterik ez du,eta gainerako sindikatuek arbuiatu egin dute ituna. Urtebete pasatxo daramatzate protestetan herrialderako lan itun baten eske, eta mobilizazioei eusteko asmoa dute.
ELA sindikatuak, esaterako, datorren astean hilabeteko greba hasteko deia egina zuen, eta eutsi egingo dio. Onetsi duten akordioa «lotsagarria» dela deitoratu du, eta sektoreko langileen «esplotazioa» ez duela saihestuko. Hilabeteko greba osatzen badute, 149 greba egun izango dituzte eginda. LABeko langileek ere hamazazpi greba egun eginda dituzte, eta kalean jarraitzen dute; hilaren 28rako grebarako deia egina zuten, eta eutsi egingo diote. Uste dute onetsi den akordio partzialak«blokeora» daramatzala herrialderako lan ituna hitzartzeko negoziazioak, eta ez dakarrela benetako konponbiderik.
Hilaren 28an greba egiteko deia egin du gaur CCOOk ere: uste du hitzartu duten akordioak soilik soldaten inguruan ekarriko dituela onurak, eta «hutsala» dela: «Benetako arazoa lan ituna lortzea baita»