Uholdeek Gipuzkoako 24 herritan sortutako kalteak zenbatzen hasiko dira udalak eta aldundia

Asteburuko ur erauntsiek kalte egindako herrietako alkateak elkartu dira gaur Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Lehentasunak ezarri dituzte: errepideak eta baserrietako sarbideak garbitzea, ur kanalizazioa konpontzea eta enpresak laguntzea.

Lazkaoko baserri baten sarbidea urez gainezka —joan den larunbateko irudia—. JAVI COLMENERO / EFE
Lazkaoko baserri baten sarbidea, urez gainezka —joan den larunbateko irudia—. JAVI COLMENERO / EFE
kristina martin
2025eko ekainaren 17a
16:46
Entzun 00:00:0000:00:00

Tolosaldea eta Goierri eskualdeetan (Gipuzkoa) joan den asteburuko euriteek eragindako kalte materialak zenbatzen hasi dira. Kalteak jasan dituzten herrietako alkateak Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariekin elkartu dira gaur, Donostian. Bilera horretan lehentasunak ezarri dituzte; nondik hasi konpontzen urak eskualde horietako azpiegituretan egindako triskantza. Hartara, errepideak garbitzeari, ur kanalizazioa konpontzeari, kaltetutako 20 bat enpresei laguntzeari eta baserrietarako sarbideak beren onera ekartzeari ekingo diote ahalik eta lasterren.

Hondamendi eremu izendatzeko eskatzea ez dute baztertu. Hori erabaki bitartean, udalerri horiei presazko diru laguntza batzuk bideratzea ere aztertzen ari da aldundia.

Joan den asteburuan menditik behera jausitako ur erauntsiak ondorio larriak utzi zituen Gipuzkoako 24 herritan. Udalerri horietako ordezkaritza bat elkartu da gaur aldundiarekin: Abaltzisketa, Alegia, Altzo, Anoeta, Baliarrain, Berastegi, Berrobi, Elduain, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Larraul, Lazkao, Lizartza, Orendain eta Tolosa udalerrietako alkateak eta teknikariak izan dira gaurko bileran.

Aldundiaren eta udalen zerbitzuak arazo presazkoenak konpontzen aritu dira orain arte. Hemendik aurrera, kalteen ebaluazioa egingo dute, eta horiek konpontzeko lehentasunak ezarriko dituzte.

Irune Berasaluze aldundiaren bozeramaileak eman ditu datuak. Enpresei dagokienez, hogei enpresatan izan dira kalteak, gehienbat Alegiako, Amezketako eta Ikaztegietako industrialdeetan. Errepideetan 53 ezbehar sortu ziren, eta suhiltzaileek 190 abisu artatu zituzten: uholdeak, ur putzuak eta luiziak, gehienbat. Horiek guztiak ostiral gauetik igande goizera bitartean jazo ziren.

Errepideak eta bidegorriak garbitu

Lehen lanak eginda, kaltetutako azpiegitura guztiak beren onera ekartzeko zereginak antolatzen ari direla jakinarazi du Berasaluzek. Lehentasunezkoa izango da errepideak eta bidegorriak garbitzea. Gehienak irekita daude, baina urak mendietatik eramandako hondakinak daude oraindik. Horrekin batera, bideen segurtasuna bermatzeko egonkortze lanak ere egingo ditu aldundiak.

Enpresetan sortutako kalteen inguruan, Berasaluzek azaldu du Tolosaldea eta Goierri eskualdeetako garapen agentziekin elkarlanean arituko direla, enpresei laguntzeko «jarduera ahal bezain laster berreskura dezaten». Horrekin batera, etxebizitzetan sortutako kalteak zenbatzeari ekingo diote, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari ahalik eta lasterren aurkezteko.

Foru Aldundia eta alkateak
Foru aldundiko ordezkariak eta uholdeek kalteak eragin dituzten herrietako alkateak, gaurko bileran. BERRIA

Udalen esku utzi dute kalteak zenbatzea. Denak jasotzen dituztenean, aldundiari jakinaraziko dizkiote, eta hark ezarriko ditu lehentasunak. Beste erakundeen laguntza behar ote duten aztertuko dute; esate baterako, Eusko Jaurlaritzarena edo Uraren Agentziarena.

Datuak eskuan, hondamendi eremu izendatzeko eskatzea aztertuko dute. Erakunde publikoei dagokie izendapena eskatzea, eta Espainiako Gobernuak du hori onartzeko ahalmena. Eskatu ala ez erabaki bitartean, ostera, udalei diru laguntza batzuk ematea aztertzen ari da aldundia, presazko lan horiei aurre egin ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.