Uholdeek kaltetutakoei laguntzeko bulego bat ireki dute Iruñean

2013ko ekainaren 10a
14:41
Entzun

Iruñeko Udaltzaingoak bulego bat zabaldu du Iruñean, atzoko uholdeek kaltetutako pertsonei laguntza eskaintzeko. Iratxeko Monasterioa kaleko bigarren zenbakian Iruñeko Udaltzaingoak duen egoitzan jarri dute bulegoa, eta bi telefono zenbaki prestatu dituzte laguntza behar dutenek deitzeko: 948-42 06 38 eta 948-42 06 39.

Iruñearen "historiako uholderik handiena" izan da atzokoa, Enrique Maia alkatearen esanetan. Maiak gaineratu du berak ez duela halakorik ikusi hirian, "eta adinekoek diote haiek ere ez dutela oroitzen".

Maiak azaldu du orain kalteak zenbaterainokoak izan diren neurtzeko garaia dela, eta gaineratu du "goizaldetik" lanean ari direla "guztia berreskuratzeko".

Bestalde, Nafarroako Parlamentuak eskatu du uholdeek eragindako kalteak "azkar zenbatu eta arintzeko". Parlamentuko Bozeramaileen Mahaiak aho batez onartu ditu bi adierazpen, kaltetuei elkartasuna adierazteko eta eskeak egiteko. Aurreikuspen okerrak egin direlakoan, ardura politikoak zehazteko ere eskatu du parlamentuak.

Hain justu, azalpenak eskatuko dizkio UPNk Madrili Espainiako Kongresuan, uholdeak eragin dituen euriteaz aurreikuspen okerrak egin dituelakoan. Ebroko Ur Konfedereazioaren presidente Xabier de Pedroren agerraldia eskatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.