Immanuel Kant filosofoaren argazki bat ezkerrean, eta Donald Trump AEBetako presidentearen irudi bat horren aldamenean: «Gaur egungo munduaren zimenduak jarri zituen batak; eraikitako guztia kolokan jarri nahi du besteak». Jolas horrekin ekiten dio ikasturteko aurreneko eskola egunari Antonio Rivera Blancok, Euskal Herriko Unibertsitateko Gaur Egungo Historiako katedradunak (Miranda Ebro, Burgos, Espainia, 1960). Helburu nagusi bat du: ikasleek argi izan dezatela Kantek deskribatutako munduan bizi direla oraindik, eta ultraeskuinak ez dituela gaur-gaurkoz eraitsi egitura horren oinarriak.
Eskuinaren eraldaketak aztertu dituzu zenbait liburutan. Aldaketa handiak egon dira azken urteetan?
Eskuin eta ezker tradizionalak eraldatzen ari dira, nabarmen. Guk ezagutu ditugun eskuin eta ezker moderatuak Bigarren Mundu Gerraren ondorengo eta Gerra Hotzaren bitarteko testuinguru horretan eratu ziren: ezkerrean, sozialdemokrazia gailendu zen, ildo iraultzaile guztietatik aldendutako sozialismo bat; eskuinean, alderdi demokristauak, zeintzuek alde batera utzi zituzten aurreko mendean zenbait herrialdetan, hala nola Alemanian eta Italian, diktadura faxistak gobernatu zituzten talde erradikalak. Hortaz, batetik sozialdemokratek eta bestetik demokristauek, ezker eta eskuin mainstream gisa definitu ditzakegunak errepresentatzen dituzte; horiek izan ziren, nolabait, Bigarren Mundu Gerraren ondorenean Mendebaldeko sistema liberal kapitalista berreraiki zutenak. Baina zalantzan jartzen hasiak izan ziren 80ko eta 90eko hamarkadetan.
Zergatik?
Ez da erraza gertakari jakin bat aipatzea, baina 1973ko petrolioaren krisiak lotura izan zuen, adibidez, nazioarteko lan merkatuaren ordena aldaketarekin. Horrek bat egin zuen, gainera, iraultza kontserbadorearekin; hau da, eskuin tradizionalean pentsamolde aldaketa bat izan zen, besteak beste Margaret Tatcherrek eta Ronald Reaganek bultzatuta. Haien arabera, eskuin tradizionalak ezkerrarekiko oldarkorragoa izan behar zuen, argudiatuta kontserbadurismoa ezin zela izan eskuineko sozialdemokrazia baten gisakoa. Horrekin batera, 90eko hamarkadan zabaltzen hasi zen eta XXI. mendearen aurreneko laurdenean areagotu den globalizazioak goitik behera eraldatu ditu nazioarteko arauak.
Eskuin muturra gero eta babes handiagoa biltzen ari da; joera horri eutsiz gero, baliteke eskuin moderatua ordezkatzea?
Gerta liteke. Adibidez, Donald Trumpek eta MAGA mugimenduak AEBetako Alderdi Errepublikanoko eskuin tradizionala ordezkatu dute; Europari dagokionez, bai Frantzian, bai Erresuma Batuan, alderdi ultraeskuindarrek gero eta indar handiagoa dute, eta Herbehereetan eta Belgikan gobernura iritsi dira. Sekulako arazoa da eskuinarentzat, aukeratu behar baitu ezker moderatuarekin itunak egin edo ultraeskuinaren diskurtsora hurbildu. Horrek kinka larrian jartzen ditu eskuin tradizionalaren oinarri teorikoak; izan ere, gaur egun gailendu den eskuin muturrak ez du zalantzan jartzen demokrazia liberala, baina horren alternatiba gisa aurkezten du demokrazia iliberala izango litzatekeena; hots, ultraeskuinak ez du demokrazia irauli nahi, baina bai hura sostengatzen duten printzipioak.
«Sekulako arazoa da eskuinarentzat, aukeratu behar baitu ezker moderatuarekin itunak egin edo ultraeskuinaren diskurtsora hurbildu. Horrek kinka larrian jartzen dizkio oinarri teorikoak»
Horrez gain, zer beste ezaugarri dituzte egungo alderdi ultraeskuindarrek?
Badago oinarri-oinarrizko ezaugarri bat: aurka egiten dietela azken mende erdian ezarritako statu quo-ari eta nazioarteko politika zehaztu duten arauei. Horretarako, gerra kulturaletan sartzen dira zuzenean. Adibidez: Mendebaldeko diskurtso hegemonikoa aurrerakoia izan da azken urteetan; bada, orain horri guztiari woke deitzen diote.
Zer helbururekin?
Kultura woke guztia erridikulizatzea. Borrokan sartzen dira, espektakuluaren eta zinemaren gerran. Oso diskurtso berekoia da; haien arabera, ongizate estatua tokian tokiko herritarrei bakarrik aplikatu behar zaie. Dena da zuria edo beltza. Uste dute Europako Batasunak eta gisa horretako erakundeek alferrik korapilatzen eta zailtzen dituztela haien iritziz «erraz» konpon daitezkeen auziak; horregatik egiten diote buru, besteak beste, 2030erako Agendaren egitasmoari. Xenofoboak dira, eta batzuetan, arrazistak. Populistak dira, eta defendatzen dute herrian batasun organiko bat egotea, zeina ahalik eta onena izango den baldin eta ahalik eta homogeneoena bada. Horregatik gorroto dituzte desberdintasunak, genero disidenteak, emakumeen eta gizonen arteko botere harremanak gaitzesten dituen oro. Halaber, historiaren analisi aldebakarra egiten dute, aise bereizten dituzte gu eta besteak.
«Mendebaldeko diskurtso hegemonikoa aurrerakoia izan da azken urteetan; orain, horri guztiari 'woke' deitzen diote»
Bada edo egon daiteke gisa horretako indar politikorik Euskal Herrian?
Euskal Herrian ez dago alderdi ultraeskuindar indartsurik; Voxek, adibidez, oso leku txikia du. Euskal Herrian eskuin muturreko alderdi bat garatuko balitz, euskal nazionalismoarekin lotuta egongo litzateke, ziurrenik; izan ere, nazionalismo espainolak ez dauka horretarako aukerarik. Baliteke Voxek boto batzuk gehiago lortzea, baina pentsamolde hori hain da marjinala Euskal Herrian, ezen ez bailuke eragiteko gaitasunik izango. Gerta litekeena da Euskal Herrian alderdi ultranazionalista xenofobo bat gailentzea, Aliantza Katalanaren ildokoa. Dena dela, ez dut uste gertatuko denik.
Ezustean iritsi da olatu erreakzionario hau. Nola hartu du gizarteak?
Harridura handia eragin du. Uste genuen iraganeko zenbait diskurtso ez zirela berriro ere agertuko; are gutxiago espero genuen diskurtso horiek hain indartsu itzultzea eta zabaltzea. Bat-batean, konturatu gara demokrazia ez dela organikoa eta iraunkorra. Arriskuan daude, adibidez, feminismoan eman diren aurrerapauso guztiak; ez da kasualitatea, feminismoa baita azken mendeko egiazko iraultza handi bakarra, genero rolak, funtzioen banaketa eta subjektu batzuen pribilegiozko estatusa kolokan jartzea lortu duena. Eta orain ikusten ari garena ez da diskurtso antifeminista bat soilik: oposizio oldarkor bat da. Gaur egungo munduaren oinarriak arrazionalismo ilustratuan dautza, betaurreko horietatik begiratzen diogu munduari; baina begiratzeko modu hori eraisten ari dira. Horri aurre egiteko ez dugu apokaliptikoak izan behar, baina bai pixka bat woke, arazo handi bat baitaukagu parez pare.