Aste honetan 50 urte bete dira Marokok Mendebaldeko Sahara okupatzeari ekin zionetik. Azaroaren 6an hasi zen Martxa Berdea. Joan den astean, haien patua gogorarazteko edo, kolpe latza eman zien NBEk sahararrei. Hamarkadetan praktikan egindakoa —auzia bere horretan usteltzen uztea— teoriara eraman zuen lehen aldiz: autodeterminaziorik ez sahararrentzat. Lehen, bederen, plan hori aipatzen zuen erakundeak, nahiz bazekien Marokok ez zuela deus ere egingo erabaki hori errespetatzeko. James Baker AEBetako Estatu idazkari ohiak Rabaten jokaera salatu zuen NBEk Mendebaldeko Sahararako zuen ordezkaria izateari uko egin eta dimisioa eman zuenean: Maroko trikimailuetan ari zen, prozesu hori nahita luzatzen.
Erreferendumik ez sahararrentzat. «Autonomia handia», bai. Lurraldea inbaditu eta 50 urtez okupatu eta kolonizatu ondoren, horixe. Mezu ugari zabaldu dira proposamenaren kontra sare sozialetan. Batzuk, oso gogorrak: «Terrorismorik gabe independentziarik ez»; «urriaren 7 bat egin beharko dute sahararrek bertara flotilla bat bidaltzeko?».
2005ean, Marokoren okupazioaren 30. urteurrenean, Saharara bidalitako kazetariak hango independentistekin hitz egiteko aukera izan zuen. Polisarioarekin borrokan jardundakoak ziren, Marokoko espetxeetan torturatuak eta ezkutuan gordeak, arrastorik utzi gabeak. Militante saharar batek berriemaile bereziari adierazi zionez, islamista wahabistak Tindufeko kanpamentuetara joanak ziren koranak banatzera eta proselitismoa egitera, baina Fronte Polisarioak bertatik kanporatu zituen. Ez zuen jihadismorik nahi.
Hogei urte geroago, nolakoa da egoera? Ekainean artikulu bitxi bat argitaratu zuen La Vanguardia-k: saharar erradikalizatuak ISISen buruzagitzara heldu omen dira Sahel-en. Bartzelonako egunkariaren arabera, Espainiako informazio zerbitzuek saharar independentisten eboluzioaren berri izan dute. Horien ustez, ISWAPen, Afrika Mendebaldeko Probintziako Estatu Islamikoaren, inguruan dabiltza saharar horiek. Hedabidearen irudiko, ISWAP inon den talde islamistarik bortitzenetakoa dugu.
Ez etorri demokrazia, etika eta koplekin. Guk zer irakatsi, haiek huraxe ikasi: boteretsuenek injustizia inposatzen dute, bortizkeria oinarri
Iturri horien iritziz, dozena bat saharar daude eskualde horretako ISISen agintaritzan. Tindufeko kanpamentuetan jaiotakoak dira, eta Oporrak Bakean programan parte hartu zuten, «Espainian uda igarotzeko aukera ematen zien programan». Horren ondorioz, espainieraz moldatzen dira. Egunkariak zehaztu zuenez, jihadista horiek ezagutzen dituzten «kristau bakarrak» haurtzaroan hartu zituzten familietako kideak dira. Arriskua izan liteke «pertsona horiek bakarka Europan atentatuak egiteko». Desinformazioa hedatu nahi zuten artikulu horren bidez? Ume sahararrak kriminalizatu eta udan hartzen dituen jendea kikildu? Hemendik aurrera etorriko diren haurrak terrorista potentzialtzat jotzea zen xedea? Ez nuke halakorik gertatzerik nahi. Dena dela, nor gara gu sahararrei zer egin behar duten esateko, NBEk azkenean okupatzailearen alde egin eta botata utzi eta gero? Sahararren askapena ez da inoren agenda politikoan —euskaldunona ere ez—. Zer espero dugu?
Independentista sahararrak etsipenaren etsipenez bonbak jartzen hasiko balira —beren kabuz edo jihadistekin batera—, orduan bai kalapitak! Fernando izeneko idazleren batek nobela bat idatziko luke gorrotoak itsututako gazte bati buruz. Eta HBOk serie bat egingo luke txikitan zaindu zuen familiako kide bat, jolas-laguna, hil duen terrorista esker txarrekoaren fanatismoa ardatz. Berriz diot: ez dut uste hala izango denik, ez dut gura, baina deskuiduan hala balitz, ez niri eskatu gaitzesteko. Ez etorri demokrazia, etika eta koplekin. Guk zer irakatsi, haiek huraxe ikasi: boteretsuenek injustizia inposatzen dute, bortizkeria oinarri. Nork eta zer botere moralekin azalduko die orain sahararrei biolentzia ez luketela inondik inora ere justifikaturik? Zer esango diegu, ate guztiak itxi eta gero: ilean lore bat ipini eta kalean peace and love aldarrikatzen hasteko kantuz, tunika laranjak jantzita?