Haurren etxeak dira barnahus-ak Islandian; izen hori jarri zioten sexu abusuak jasaten dituzten umeak artatzeko egitasmo integralari, orain 25 urte. Gizarte langilea zen orduan Bragi Gudbranson (Reykjavik, 1953), eta abusuon biktimek egin behar zuten prozesuaz kezkatuta sortu zuen Barnahus eredua. Euskal Herrian da egunotan, Gasteizen eta Iruñean datozen asteetan zabalduko dituzten Barnahus zentroak bisitatzen, gobernuetako ordezkariekin ez ezik, Save the Childreneko kideekin ere. «Aitzindaritzat» jo ditu proiektuok: «Lan zoragarria egiten ari dira».
Zein da Barnahus ereduaren helburua?
Ideia nagusia da umeentzat giro lagunkoi bat sortzea, sexu abusuen biktima gisa izan dituzten esperientzia mingarriak azaleratu ditzaten. Ikerketek diote antsietateak jota dauden haurrentzat zaila dela hitz egitea, eta, aldiz, lasai egoteak laguntzen diela. Izan ere, Barnahus martxan jarri baino lehen, umeek leku askotara joan behar zuten elkarrizketatuak izateko: haurren babeserako bulegora, polizia etxera, ospitalera, epaitegira... Eta elkarrizketa pila horiek bi ondorio zituzten: batetik, umea birbiktimizatzen zuten, behin eta berriro aritzen zelako abusuaren mina gogoratzen eta bizitzen; eta, bestetik, haurra elkarrizketatzen zutenek ez zuten berariazko trebakuntzarik, eta ez zituzten testigantza egokiak lortzen. Kontuan izan behar da umeen narratibak aldatu egiten direla, haien ustez helduek espero bezala erantzuten dietelako sarri galderei, eta, beraz, elkarrizketa guztietatik ateratzen ziren kontakizunek kontraesan ugari zituzten. Hori oso kaltegarria zen ikerketa kriminalerako, defentsak erraz seinalatzen zituelako, eta asko zailtzen zuelako haurra babesteko neurriak hartzea. Hortaz, Barnahusen helburua zen sistema eraldatzea, umeentzako leku seguru bat eratu eta diziplinarteko elkarlanean aritzeko.
Barnahusen behin elkarrizketatzen dituzte haurrak. Zer ondorio du horrek?
Elkarrizketa bakar hori, profesional trebatuek eta baldintza juridiko egokietan egiten dutenez, grabatu egiten da, eta auzitegian erabiltzen da. Horrek esan nahi du haurrak ez duela epaitegira joan behar deklaratzera; beraz, arreta osoa umearen oneratze prozesuan jar daiteke: testigantza eman eta gero, tratamendua berehala has dezake, atzeratu gabe. Bestela, haurren esperientzia mingarrienetako bat da abusua azaleratzen denetik epaiketa hasten den arte urteak igaro daitezkeela, eta horrek sekulako larridura eragiten die, mezu kontraesankorrak jasotzen dituztelako: esaten diete abusuak ahaztu behar dituztela eta bizitzen jarraitu, eta, aldi berean, xehetasunak gogoratu behar dituztela epaiketan kontatzeko. Barnahusek hori eteten du, eta hala, umea berehala has daiteke terapiarekin.
«Terapia ahalik eta goizen eskaintzen bada, litekeena da haurra guztiz osatzea»
Terapiak laguntzen die?
Nik ezagutzen ditudan haur gehienek terapia egokia jaso dute, behar izan duten denbora guztian, eta orain erabat osasuntsu daude. Noski, hainbat elementuren araberakoa da, hala nola abusuaren iraupena, edo umearen eta abusatzailearen arteko harremana: oso gertukoa bada, adibidez, familiakoa, eragin latzagoa dauka umearen buru osasunean, eta ez hainbeste ezezagun bat denean eta ez duenean berriro inoiz ikusiko. Baina terapia ahalik eta goizen eskaintzen bada, litekeena da haurra guztiz osatzea.
Islandian, urtean 50 kasu izatea aurreikusten zenuten, baina egun 400 inguru dira. Ereduak laguntzen du abusu gehiago azaleratzen?
Bai. Barnahusen informazio asko jasotzen dugu sexu abusuen ezaugarriei buruz, eta hori gizarteratzeak abusuen inguruko kontzientzia handitzen du; hori funtsezkoa da kasuak azaleratzeko. Badakigu umeek zailtasun handiak dituztela abusuez hitz egiteko: agian txikiegia da eta ez du hiztegirik gertatu zaiona deskribatzeko; edo ez du identifikatzen indarkeriarekin; edo harreman afektibo bat dauka erasotzailearekin, familiakoa bada; edo beldur da... Hala ere, ikerketek diote umeen erdiek abusuez hitz egiten dutela: ume txikiek, normalean, amarekin, eta nerabeek, lagun min batekin; baina askotan, ez dago erreakziorik, ez dute ezer egiten, ez dakitelako zer egin. Beraz, abusuei buruzko informazioa ezagutzera eman eta kontzientzia landu behar dugunean, hori kontuan izan behar dugu. Haur baten testigantza jasotzen duenak informazioa badu, Barnahus eredua ezagutzen badu, sisteman sinesten badu, seguru badaki umea ez dutela birbiktimizatuko eta behar duen laguntza jasoko duela, salatu egingo du, haurraren onerako izango delako.
Zer-nolako abusuak ari zarete ikusten Islandian?
Haurren aurkako sexu-abusu kasuen %75-80 konfiantzazko eremuan gertatzen dira, hau da, familian, eskolan, kirol giroan... Baina orain oso azkar hazten ari da online abusua, batez ere nerabeen artean. Eta hor ikusten ari gara zailagoa egiten zaiela abusu horiez hitz egitea, lotsa sentitzen dutelako eta beren buruari botatzen diotelako errua. Izan ere, gazteak beren sexualitatea deskubritzen ari dira, batzuetan arrisku portaerak dituzte online, eta oso zaurgarriak dira adingabeen ziberjazarpen sexualaren aurrean, beren irudiak bidaltzen dituztenean edo sexting egiten badute.
«Abusatzaileetako dezente umeak eurak dira. Berez, nahiago dugu sexu portaera desegokiak dituzten umeez hitz egin»
Nerabeek egindako sexu erasoak ere Barnahusen bidez kudea daitezke?
Bai. Abusatzaileetako dezente umeak eurak dira. Berez, nahiago dugu sexu portaera desegokiak dituzten umeez hitz egin; izan ere, haien sexualitatea deskubritzen ari dira, eta batzuetan jolas sexualek ihes egiten diete, indarra erabiltzen dute... Halakoei ere aurre egin behar genien; beraz, erabaki genuen programa terapeutiko berezi bat abiatzea halako portaerak dituzten mutilentzat; ez ditugu Barnahusen tratatzen, ez dugulako nahi biktimen leku berean egon daitezen, baina arta jasotzen dute.
Haurren aurkako abusuen gaia gogorra eta deserosoa da. Uste duzu gizartea prest dagoela errealitate horri begiratzeko?
Uste dut ez dugula beste aukerarik: aurre egin behar diogu. Gizartearen kontzientzia hainbat mailatan egon daiteke: lehenik, ukazioa, gizarteak nahiago duenean beste leku batera begiratu; gero, onarpena, gizarteak ikusten duenean badirela abusu kasu batzuk, baina pedofilo gutxi batzuei egozten dienean, eta konponbidea horiek giltzapetzea dela uste duenean; baina hirugarren maila batera mugitu behar dugu, kontzientzia sozialera, ohartzera gizarteak berak sortzen duela arazo hau. Umeak oso goiz ohitzen ari dira sexualitatera, eta gizarteak horren kargu egin behar du. Estatuek ere obligazioak dituzte: abusuak gerta ez daitezen prebenitzeko, eta gertatzen direnean ahalik eta azkarren esku hartzeko.