«Umeen zaintza batez ere amaren ardura izatea opari pozoitua da»

Maria Sanahuja epaileak hasi du Dibortzioari eta Banantzeari buruzko Nazioarteko I. Bilkura

jon olano
Donostia
2011ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
EHUk antolatuta, Dibortzioari eta Banantzeari buruzko Nazioarteko I. Bilkura egiten ari dira Donostian; atzo hasi eta gaur amaituko da. Lehenengo bilkurako ardatz nagusia zaintza partekatua da, eta gai horri buruz jardun du hastapeneko saioan Maria Sanahuja Bartzelonako 17. auzitegiko epaileak. «Haurren zaintza batez ere amaren ardura izatea opari pozoitua da», iritzi dio.

Zaintza partekatua, lehentasunezko eredu gisa izenburuko txostena aurkeztu zuen Sanahujak. Bertan, bikote bananduen haurrak bi gurasoek neurri berean zaindu behar dituztela kritikatzen dutenen argudioei aurre egiten saiatu zen. Epaile horren iritziz, umeen zaintza neurri handi batean amaren eskuetan uztea emakumearen garaipena delako ustea dago. «Aurreiritzi erratua da pentsatzea emakumeek ez dutela haurren zaintzaren inguruko adostasunik nahi, bide judizialetik umearen zaintza eta etxebizitza eskuratuko dutelako». Sanahujak dioenez, hori «opari pozoitua» da emakumeentzat. Izan ere, seme-alaben zaintzari eta heziketari bakarka aurre egin behar izateak eginbehar horietaz arduratzen den pertsonaren garapen profesionala eta pertsonala oztopatzea dakarrela uste du.

Bestalde, Suediako eredua «oso ona» dela uste du epaileak; dioenez, umea jaiotzen den unetik integratzen dute aita haren zaintzan, eta, beraz, gizonezkoa lan merkatutik irtetea «ez da Espainian bezain pentsaezina», esan zuen Sanahujak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.