Unai Lopez de Okariz euskal presoa aske geratu da zigorra bete ondoren

25 urteren ondoren lortu du aske geratzea guztiz; 2024ko irailean baldintzapeko askatasuna onartu zioten.

Etxerat-en elkarretaratze bat, Gasteizen, Memoriaren Egunaren harira. RAUL BOGAJO / FOKU
Etxerat-en elkarretaratze bat, Gasteizen, Memoriaren Egunaren harira. RAUL BOGAJO / FOKU
xabier martin
2026ko abuztuaren 17a
11:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Unai Lopez de Okariz euskal presoak Espainiako auzitegiek ezarritako zigor osoa bete du, eta, horrenbestez, aske geratu da. Hala jakinarazi du Etxerat elkarteak. Lopez de Okariz gasteiztarra 2001eko abuztuan atxilotu zuen Guardia Zibilak, Katalunian. Nerea Bengoa eta Fernando Garcia Jodrarekin batera, ETAko talde bat osatu izana leporatu zioten. Aurretik ere kale borrokan aritu izana egotzi zion Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Zigor luzea bete du espetxean: 23 urte inguru; eta epe horretako zatirik handiena Euskal Herritik urrun eman du, Granadako Albolote espetxean hain zuzen ere. Han zegoela, haren bi lagunek auto istripu bat izan zuten bisita batetik Euskal Herrirantz zetozela, Toledo inguruan, 2009an.

Granadatik Zaragozako Darocara lekualdatu zuten Unai Lopez de Okariz, 2019an, eta bi urte geroago Euskal Herriratu zuten, Zaballara ekarrita. 2022ko uztailean, hirugarren gradua onartu zioten, eta 2024ko irailean, berriz, baldintzapeko askatasuna.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA