Unai Mallabia, Aitor Fernandez eta Naia Zuriarrain euskal presoak aske direla jakinarazi du gaur arratsaldean Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM).
Mallabia eta Fernandez 2003ko ekainaren 17an atxilotu zituen Ertzaintzak, Bilbo inguruan, eta kale erasoetan parte hartzea egotzita zigortu zituzten. Fernandez zigorra beteta atera da. Mallabiari bederatzi egun falta zaizkio betetzeko, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak orain agindu du ebazpena eman artean zigorra bertan behera gelditzen dela. Kalean dira biak. Fernandez Almeriako espetxean zegoen, Mallabia Puerto I.ean, biak Espainian.
Zuriarrain iazko apirilean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Bilbon, Elkano kaleko abokatuen bulegoan. Bost egun inkomunikaturik izan zuten eta, AAM dioenez, "tortura larriak" salatu zituen epailearen aurrean. 60.000 euroko bermea ordainduta geratuko da aske, datozen orduetan. Grandako kartzelan (Espainia) daukate.