Unibertsitate ikasleek eta langileek bat egin dute azaroaren 30eko grebarekin

«Zaintza eskubide kolektiboa» aldarrikatu dute, eta hezkuntza eremuko greba batzordeetan parte hartzera deitu dituzte ikasleak.

Besteak beste, EHUren Leioako campusean egin dute gaur agerraldia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2023ko azaroaren 9a
17:16
Entzun

Unibertsitate ikasleek eta langileek agerraldiak egin dituzte gaur EHUren hiru campus nagusietan, mugimendu feministak azaroaren 30erako deitutako greba feminista orokorrarekin bat egiteko. Grebaren harira mugimendu feministak, sindikatuek eta gizarte eragile ugarik ondutako herri akordioaren ildotik, zaintza «eskubide unibertsal» gisara aitortzea galdegin dute: «Zaintzaren problematika sistematikoa eta egiturazkoa den honetan, hezkuntza-sistema zisheteropatriarkal kapitalistak goitik behera astintzen gaitu. Horregatik, unibertsitatean ere bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde jardungo dugu». Hala, greba antolatzeko eremuetan parte hartzera deitu dute, eta ikasleak berariaz deitu dituzte tokian tokiko ikasleen greba batzordeetara joatera.

Zaintza zerbitzuak «erabat pribatizatuta» daudela salatu dute unibertsitateko ikasleek eta langileek: «Azken hogei urteetan, euskal instituzioetatik sistematikoki pribatizatu dira ahal izan diren zerbitzu guztiak, enpresa lagunen eskuetan jartzeko eta milioi askotako etekinak ateratzeko». Era berean, salatu dute erakunde publikoek ere komunitate kontzeptua erabiltzen dutela, baina ez dutela zerbitzu publikoak garatzeko asmorik, eta, aldiz, haien politikek emakumeen gain uzten dituztela zaintza lanak, «sarritan emakume migratu arrazializatuen gain».

Hala, «zaintza eskubide kolektiboaren» aldeko apustua berretsi dute, eta, grebari begira, «erantzukizuna eta konpromisoa» eskatu diete arduradun politikoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.