Unibertsitatean ere pizkundea sustatzera

Euskarak unibertsitatean duen presentzia aztertuz abiatu ditu UEU Udako Euskal Unibertsitateak aurtengo udako ikastaroak. Aitor Bengoetxea zuzendariak eman du hitzaldi nagusia.

Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan abiatu dituzte gaur UEUren udako ikastaroak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan abiatu dituzte gaur UEUren udako ikastaroak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko ekainaren 11
15:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

«We can speak english, nous pouvons écrire en français, y trabajamos en castellano en la universidad. Ez daukagu hizkuntza etsairik, denak dira aberasgarriak. Baina guk euskararen lekua aldarrikatu nahi dugu: Euskal Herriko unibertsitateetan euskara garatzea kale nagusian». Euskal unibertsitatea, euskara sustatzeko asmotan, ez dela inoren etsai; Carlos Santamaria zenak bota zuen ideia hori lehenik 1976an, gero Koldo Mitxelenak berretsi zuen, eta gaur Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak erabili du, kezka bat eta desira bat adierazteko: euskarari akademian «balio ofizial eskasa» aitortzen zaiola eta, «pizkunde akademiko bat» sustatzera deitu du.

Udako Euskal Unibertsitatearen udako ikastaroen 54. aldiaren irekiera ekitaldiko hitzaldi nagusia eman du Bengoetxeak. Azken urteetan bezala, gai estrategiko bati buruzko saioa baliatu dute ikastaroak abiatzeko: Euskararen balio ofizial akademikoaren erronka unibertsitatean. Ezagutza transmititzeko ez ezik, hausnartzeko, parte hartzeko eta ekarpenak jasotzeko ere baliatu nahi dituzte ikastaroak, eta elkarlan eta eraikuntza kolektibo horren adierazle da gaur Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egin izana ekitaldia. «Guztion etxean», Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu duenez.

«Zuek ezinbestekoak zarete Euskaltzaindiarentzat: ikertzen eta argitaratzen duzuena guretzat elikagai funtsezkoa da. Eta, era berean, jakin behar duzue lan hori marko linguistiko duin eta egoki batean egin behar duzuela»

ANDRES URRUTIA Euskaltzainburua

Aspaldikoa baita Euskaltzaindiaren eta UEUren arteko harremana, baina aurten bereziki sendotu du bien arteko hitzarmenak. Ildo horretan, unibertsitateari erreparatuta, eta euskararen estandarizazioa zabaltzeko eta sendotzeko xedeari begira, lankidetzarako dei sutsua egin du Urrutiak: «Zuek ezinbestekoak zarete Euskaltzaindiarentzat: zuen lana beharrezkoa dugu, zuek ikertzen eta argitaratzen duzuena guretzat elikagai funtsezkoa da. Eta, era berean, lan hori egiten duzuenean, zuek jakin behar duzue marko linguistiko duin eta egoki batean egin behar duzuela. Aritu gaitezen sinbiosian».

Elkarlan hori premiazkoa izango da, Bengoetxearen ustez, euskarak unibertsitatean duen presentzia indartzekotan. Ez baitu oso balorazio baikorra egin UEUko zuzendariak, Euskal Herrian dauden zortzi unibertsitateen jarduna aztertuta. Irakaskuntzan badaude argi izpi zenbait: «Graduko ikasketak euskaraz egin daitezke gehienbat Euskal Herriko Unibertsitatean —gradu ia guztiak—; Mondragon Unibertsitatean, Deustuko Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan, hainbat gradutan dago aukera». Beste lauretan, hau da, Nafarroako Unibertsitatean, Euneizen, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean eta UNEDen, gradu bat euskaraz ikastea ezinezkoa da, esan duenez, «edo, kasurik onenean, anekdotikoa». Eta masterretan nabarmen aukera gutxiago dago.

Ikerketa, paradoxa batean

Ikerketan, ordea, «paradoxa» batez mintzatu da: «Inguma datu baseak adierazten digu euskal komunitate zientifikoa inoiz baino sendoago daukagula, bai kuantitatiboki —kopurutan—, bai kualitatiboki —jakintza arloetan—. Baina txanponaren beste aldean ikusten dugu proportzioan euskarazko produkzio zientifikoa gain behera doala orain bertan». Euskarari akademian aitortzen zaion «balio eskasari» egotzi dio joera hori, eta ebaluazio agentzien irizpideak jarri ditu adibide: Espainiako ANECAk aipamenik ez dio egiten euskarazko jardunari; EAEko Unibasqek, berriz, kontuan hartzen du irakaskuntzan euskara erabiltzea, baina ikerketan, ez.

«Elementu gehigarri bezala produzitzen dugu euskaraz: beste hizkuntzetan ekoizten dugu akademian aurrera egin ahal izateko, eta gero euskaraz lantzen dugu kontzienteki, militantziaz»

AITOR BENGOETXEA UEUko zuzendaria

Horren ondorioz, Bengoetxeak deitoratu du «1976ko logikan» dihardutela euskal ikerlariek: «Elementu gehigarri bezala produzitzen dugu euskaraz: beste hizkuntzetan ekoizten dugu akademian aurrera egin ahal izateko, eta gero euskaraz lantzen dugu kontzienteki, militantziaz». Eta erantsi du: «Egoera hau are kezkagarriagoa, mingarriagoa, harrigarriagoa da kontuan hartzen badugu Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroa Garaiko zati batean euskara ofiziala dela».

Ezkortasunari argia jartzeko itxaropenez amaitu du hitzaldia: Euskalgintzaren Kontseiluaren aldarriarekin bat eginda, «pizkunde akademiko batera» deituz. «Euskaraz sortzeaz» mintzatu da, «eta gero itzultzeaz», eta lan horren bidez hizkuntzaren presentzia sendotzeaz: «Euskararen herrian, euskarak unibertsitatea behar du, eta unibertsitateak, euskara. Unibertsitatea baldin bada pentsamenduaren tenplua, harrotasun linguistikoa eta euskararen prestigioa zabaltzeko ezinbestekoa da hor egotea, euskal hiztunek jakitea euskaraz aritu daitezkeela eremu guztietan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA