Ikasle onarentzat ez dela irakasle txarrik, hala dio esaerak. Hara, galdera: irakaslearen ohiko eskola behar ote du ikasleak, edo eskolara joan gabe ere egin ote ditzake ikasketak, egokien datorkion moduan antolatuta? Internetek ematen dituen aukerak baliatuta, unibertsitateko ikasketak on line eran egiteko modua zabaltzen ari dira Euskal Herrian. Oraingoz, hala ere, bigarren aukera gisakoa da irakats era hori: aurrez aurreko eskoletara joan ezin diren ikasleei eskaintzen diete on line aritzeko aukera, haiek ere ikasi ahal izan dezaten unibertsitatean.
Internet bidezko irakaskuntza ohikoagoa da AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Handik hasi da hedatzen gainerako herrialdeetara ere. Etengabe ari da lekua hartzen Euskal Herrian. Kasurako, MU Mondragon Unibertsitatean; on line bidezko gradu bat eskaintzen hasiko da hil honetan: Industri Antolakuntzako Ingeniaritza. EHU Euskal Herriko Unibertsitatea aurten hasi da Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduak Internet eta ohiko eskolak uztartuta ematen. UNED Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitate Nazionalak, berriz, urteak daramatza Internet baliatuz ikasteko aukera ematen.
Bolognako prozesuak bultzada eman dio ikasteko era horri. Eskoletara joateko derrigortasuna ekarri baitu Goi mailako Hezkuntzaren Europako Eremuak. Hori saihesteko bidea da Internet: «Ardura profesionalak eta pertsonalak ikasketekin uztartzeko aukera ematen du on line ikasteak. Profesionalei edo aurretik ikasketak eginak dituztenei bideratu diegu gradua», azaldu du MUko ordezkari Edurne Galindezek.
Masterretan eta aukera askeko ikasgaietan zabaldu da gehien on line irakaskuntza. Hori da Hego Euskal Herriko bi unibertsitate publikoen kasua. Graduko ikasketetan, ohiko eskolen alde egin dute EHUk eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak. «Gelategi birtualak eta horrelakoak aurrez aurreko eskolen osagarri dira», dio NUPeko Irakaskuntza errektoreorde Txus Pintorrek. Antzera uste du EHUko Akademi Antolakuntzako errektoreorde Carmen Gonzalezek: «Eskolara joaten direnei laguntzen diete».
Oraindik ere handia da errezeloa Interneten bitartez ikasteari buruz. «Exijentzia maila bera da, noski. On line ikasteak ematen duen aukera da ikasleak egokien datorkion martxa har dezakeela; ikastea norberaren aukeretara egokitu dezake», argitu du Galindezek. Unibertsitate publikoetan, berriz, eskolara joatearen alde egin dute. On line ez beste aukera bat badela nabarmendu du Gonzalezek: «Matrikula partziala egin dezakete ikasleek; irakasgai gutxiagotan izena eman. Bakoitzak jakin behar du norainoko ahalegina eskain diezaiokeen unibertsitateari. Gauza bat argi izanez: gainditu behar ditu egindako ikasgaiak». NUPen ere bada modua aurreikusi baino ikasgai gutxiagotan egiteko matrikula.
Nolanahi ere, ikasle gehienen kasua hori ez dela gogoratu du Gonzalezek. «Gure ikasle gehienek denbora osoa eskain diezaiokete unibertsitateari. Erabateko ardura hartu behar dute, azken batean, gizarteak emandako diru bat ari baitira erabiltzen. Emaitzak exijitu behar zaizkie».
Eskolan adina ikasten da?
Funtsean, eztabaida bat dago errezelo horren atzean: eskolara joanda bezainbeste ikas ote daitekeen Interneten bidez. Aurrez aurreko eskolen balioa nabarmendu du NUPeko errektoreordeak: «Bolognako prozesuak dio parte hartu behar duela ikasleak: talde lanak egin, eztabaidatu... Gelan egon beharra dago horretarako». Ikasi ere, ikasgelan bertan egonda gehiago ikasten dela uste du Gonzalezek, EHUko errektoreordeak: «Ez dago zalantzarik: ikaslea eskolan egoten bada irakasleari entzuten, praktiketara joaten bada, galderak erantzuten baditu, askoz ere aukera gehiago izango du ezagutzak hartzeko».
Bestela uste du MUko ordezkari Galindezek: «Nik daukadan esperientziagatik, uste dut ideiak eta kontzeptuak askoz gehiago barneratzen direla on line bidez. Azken batean, norberak irakurri behar ditu artikuluak eta egin behar ditu hausnarketak». Hartara, Bolognako prozesuak unibertsitateei egindako eskaria betetzen du Internet bidezko ikasketak: ikasleak ez izatea irakasleak emandako informazioaren jasotzaile hutsak, baizik eta ekintzaileak izatea.
Eta, ikasketak Internet bidezegin dituenaren curriculumean, badute eragina errezelo horiek, okerrerako? Ezetz dio Mondragon Unibertsitateko ordezkariak: «On line ikasteak balioa gehituko dio curriculumari, tituluan garatu behar diren gaitasunez gain, gaitasun digitalak ere lantzen direlako». Are, curriculumaren berme ere bada, ikasleak ahalegin bikoitza egin baitu, lanean ari den bitartean ikasketak eginda. «Jarraitutasun bat eskatzen du horrek guztiak», adierazi du Galindezek.
Langileen trebakuntza premiei erantzuteko bidea ere bada modu horretara ikastea. Areago, krisia gogor jotzen ari denean: «Guztiok gaude gehiago murgilduta bizitza osoko ikasketan. Gaitasunak birziklatzea ezinbestekoa da», MUko ordezkariaren ustetan. Enpresetan ere, gero eta ohikoagoa da langileei Interneten bidez ikastaroak ematea, haien ezagutzak berritu ahal izan ditzaten.
Indarra hartzen ari direla ikusita, horrelako ikasketa gehiago eskaintzeko asmoa du MUk, eta hausnarketa hasi du horretarako. EHUk ez dio atea itxi zabaltzeari: bi gradutan abian den proiektuaren emaitzak ikusi nahi dituzte; hala ere, Gonzalezek dio ez dela haien «lehentasuna» on line bidezko unibertsitaterantz jotzea. Pintorrek, berriz, atea itxi dio NUPen eredua aldatzeari: «Gure ikasketek aurrez aurreko izaera dute, eta ez dago asmorik on line eran jartzeko. Badaude horretarako diren unibertsitateak».
Unibertsitatean, klik batean
Interneten bitartez ikasteko aukera etengabe zabaltzen ari da unibertsitateetan, baita Euskal Herrikoetan ere. Eskoletara joan ezin dutenentzako irtenbidea da. Nolanahi ere, oraindik badira errezeloak sistema horrekiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu