Unibertsitateko ikasle kopurua igo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eustaten datuen arabera, 70.000 matrikulatik gora izan ziren 2021-2022 ikasturtean. Erdiak baino gehiago emakumeak izan ziren

EHUren egoitzetako bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Erredakzioa
2023ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitateetan ikasle kopurua handitu egin da azken urteetan. Hala jakinarazi du Eustat estatistika institutuak hiru probintzietako lau unibertsitateen datuak argitara emanda. 2021-2022 ikasturte hasieran 70.503 ikasle matrikulatu ziren, aurreko urtean baino %0,8 gehiago. Azken bost urteetan izandako joera berretsi da, beraz.

Lau unibertsitate daude Euskal Autonomia Erkidegoaren eremu administratiboan: EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Gasteizen berriki sortu duten Euneiz. Eustatek emandako datuen arabera, hamar ikasletik zazpik unibertsitate publikoan ematen dute izena, hau da, EHUn.

Beste datu bat ere eman du estatistika institutuak: unibertsitatean zenbat emakumezko eta zenbat gizonezko ari diren ikasten. Unibertsitateko ikasleen %54 emakumezkoak dira. Haatik, ikasketa gaien arabera aldatu egiten da proportzioa: osasungintzan, gizarte zerbitzuetan eta hezkuntzan, %70 emakumezkoak dira; ikasketa teknikoetan, berriz, gizonezkoak dira gehienak. Esaterako, itsas ingeniaritzan, automozioko ingeniaritzan, industria digitalean edo ingeniaritza mekatronikoan, emakumezkoak ez dira ikasleen %10era ere heltzen.

Bestelako bilakaera bat izan du proportzio horrek irakasleen artean. Duela 30 urte, hamar irakasletik hiru baizik ez ziren emakumezkoak. Eustaten datuen arabera, 2021-2022 ikasturtean parekidetasunera iritsia zen kopurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.