Datorren ikasturtean jarriko dira martxan titulazio dualeko lehen graduak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak ikasketa horien oinarriak zehaztu ondoren. Hezkuntza Sailak babes ofiziala eman dio goi mailako ikasketak unibertsitate zentroaren eta kanpoko erakunde baten artean egiteko aukerari. UnibasqEuskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziarekin batera adostutako sisteman.
Hala jakinarazi zuen, atzo, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Eva Ferreira Unibasq-eko zuzendariarekin eta Adolfo Morais Ikerketa sailburuordearekin batera Gasteizen egindako agerraldi batean.
Graduen kasuan, esaterako, gutxienez ikasketa prestakuntzaren %25 egin beharko du ikasleak lantoki batean —masterren kasuan, %40—. Gradu amaierako lana edota masterra ere kanpoko erakunde baten lankidetzaz egin beharko dute titulazio horietan. Hortaz, ikasketa zentroak eta enpresak elkarlanean aritu beharko dute ikasketa plana eratzeko.
Unibertsitateen behatokia
Euskal Unibertsitate Sistemaren Jardueraren Behatokia jarri du martxan Unibasqek: EAEko unibertsitate zentro publiko nahiz pribatuek eskaintzen dituzten 353 gradu, master edota doktoretzei buruzko informazioa biltzen duen plataforma. Titulazioen inguruko datuak eskuratu ahal izango dira atari digitalean, eta, Ferreirak azaldu duenez, etengabe eguneratuko da informazioa. Asebetetze inkesten edota nazioarteko zerrenden gaineko informazioa jasoko dute.
Unibertsitateko titulazio dualeko lehen graduak, datorren ikasturtean abian
Ikasketa dualaren oinarriak zehaztu ditu Eusko Jaurlaritzak. Goi milako ikasketen inguruko informazioa biltzen duen behatokia ere aurkeztu du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu