Espero bezala, pauso bat aurrera eman du Nafarroako 2018ko aurrekontuen tramitazioak. UPNk eta PPk aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota dituzte Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Ezkerrak eta PSNk. Iragan urtean bezala, sozialistek ez dute bat egin eskuineko alderdiekin, baina iragarri dute aurrekontuak hobetzeko zatikako zuzenketa ugari aurkeztu dituztela.
Aurtengo aurrekontuekin alderatuta, 153 milioi euro gehiago izango ditu inbertsiorako zein gastu publikorako Nafarroako Gobernuak eta 2015ean baino 425 milioi euro gehiago. Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak nabarmendu du horri esker departamendu guztiek aurrekontu igoera izango dutela. "Baliabide eskasak osagai etiko garrantzitsu batekin administratzea da gure zeregina", argudiatu du. "Auzia da errenta berbanatzea, bai gastuaren bidez bai diru sarreren bidez", gaineratu du.
Aranburuk osagai etikoa ikusten duen tokian. UPNko Jose Javier Esparzak "inposizioa eta sektarismoa" ikusten ditu. Legealdi osoan erabilitako hizkuntza 2018ko aurrekontuak deskribatzeko baliatu du. "BI ezaugarri ditu: inposizioa, ez dute inor entzuten, eta sektarismoa, euren aldekoen alde gobernatzen dute". Gaineratu duenez, aurrekontuen edukia ikusita "agerian geratu da euskal nazionalismoak agintzen duela laukoan".
PPko Ana Beltranek "aurrekontu arduragabeak eta ideologikoak" direla baloratu du, eta zergadunari "zukua atera nahi" diotela salatu du. "Okerrena da gehiago ordainduko dugula zerbitzuak hobetu gabe".
Laukoaren posizioa
Jokin Castiella Geroa Baiko parlamentaria "erabat harrituta" agertu da UPNren eta PPren argudioak entzunda. "Benetan arduragabea da hona gizartea izutzera etortzea". Gogora ekarri du aurrekontuei eta zerga erreforma progresiboari esker Nafarroak gizarte eta lurralde kohesioa hobetu duela.
EH Bilduko Adolfo Araizen ustez, 2018ko aurrekontuak aurreko urteetakoen bidean aurrerapauso bat dira. "Gure helburuak esparru guztietan betetzen ez badira ere, hurrengo urteetan jarraitu beharreko bidea erakusten digute". Nabarmendu du irakurketa kritikoa egin behar dela, ez baitute erabat EH Bildu asebeteko luketen aldaketa politiketan irmo eragiten.
Ahal Dugu-ko Mikel Builen irudiko, UPNk eta PPk "zinismo ariketa" egin dute gaur goizean. "Aurrekontu hauei oraindik ere diru sarrerak falta zaizkio besteak beste erkidego honek UPNk utzitako fakturak ordaindu behar dituelako. UPNk gobernua lotu duen lasta handi bat utzi zuen".
Jose Miguel Nuin Ezkerrako eledunaren arabera, "iragan legealdiko murrizketa larrietatik gizarte gastua nabarmen handitzera" pasa dira. Hala ere, bide horretan "abiadura handiagoa" hartu behar dela deritzo. "Ez da nahikoa, baina jabetzen gara egoera baldintzatzen duten faktore larriak daudela". Hala nola, gaur egun estatuari ordaindu beharreko ekarpena jarri du adibide gisa.