gizartea

UPNk ez du gaitzetsi Iruñeko udaltzainek etorkin bati emandako jipoia

Udaleko oposizioak "Udaltzaingoaren prestigioa kolokan" jarri nahi duela adierazi du Ana Elizalde UPNko zinegotziak. Mozioak ez du aurrera egin. Iaz izan zen jipoia, Sanduzelain. SOS Arrazakeriak erakundeak gertaeraren bideoa zabaldu zuen joan den ekainaren 9an.

2010eko ekainaren 18a
14:47
Entzun 00:00:0000:00:00
Iazko irailaren 11n Iruñeko udaltzain batzuek Sanduzelai tabernaren atarian gazte etorkin bat jipoitu zutela-eta, Udaleko oposizioak gaitzespen mozioa sartu du udaletxean, baina UPNk ez du deitoratu jipoia. Gainera, "lotsagarria" iruditu zaio "halako mozioekin Udaltzaingoaren prestigioa kolokan jarri nahi izana", Ana Elizalde (UPN) Segurtasun batzordeburuak gaur udalbatzarrean esan duenez.

Mozioak ez du aurrera egin, gehiengo osorik ez duelako lortu: Nafarroa Baik (zortzi zinegotzi) eta PSNk (lau) gaitzespen testuaren alde bozkatu dute, UPNk aurka (hamabi) eta bi hautetsi independentistak abstenitu egin dira -mozio propioa eraman dute-.

Maite Esporrin PSNko zinegotziak "udaltzain batzuen gehiegikeria" salatu du eta Aritz Romeo NaBaikoak esan du "guztiz lotsagarria" dela UPNren jokabidea.

SOS Arrazakeriak erakundeak eman zuen jipoiaren berri, joan den ekainaren 9an, eta bideo bat zabaldu zuen. "Gaztearen adierazpenei sinesgarritasuna ematen diete irudiek, bestela babesik gabe egongo baitzen, epaileek gehiegizko balioa ematen ari dietelako udaltzainei horrelako kasuetan, batez ere etorkinak badira".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.