UPNk, legea betetzeari uko

Euskara eta gaztelania dira Iruñeko hizkuntza ofizialak. Baina udal gobernuak ez dituela era parekidean ibiltzen gaitzetsi dute.

Ordenantza betetzen ez duen seinale bat, hiriko sarreran. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2014ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
UPNk ez du oraindik bete Iruñeko euskara ordenantza. Horixe salatu du Iruñeko Euskalgintzak. Aurtengo sanferminetan udalak berriz urratu du euskara arautzen duen legea, Administrazioan Euskaraz Taldeko kide Fermin Zabalzak jakinarazi duenez. Zabalzak Iruñeko Udalaren «prebarikazio jarrera» salatu du: «Afixa guztietan urratu du euskararen ordenantzako arau berria azken bi sanferminetan». Horrez gain, bisitariek fardelak gordetzeko kontsignako arautegia itzultzaile automatikoa baliatuz itzuli izana irmoki gaitzetsi du. «Azkenean, beharrezkoa izanen da ordenantzan ezartzea ez direla egokiak euskarazko testu ulertezinak eta akats ortografikodunak». Atzerriko gainerako hizkuntzekin ez dute horrela egiten, eta euskararekin egin izana larritzat jo dute.

2012ko martxoan, udalaren eskumeneko paisaia linguistikoan euskara eta gaztelera orekan agertzearen alde egin zuten oposizioko taldeek, PPNk salbu. Arau berriak bere barnean biltzen du hiriko bi hizkuntza ofizialen presentzia bera izanen dela eta, horrenbestez, berbera izan beharko duela karriketako plaken eta gainerako errotuluen edukiak, tamainak nahiz kontrasteak. Ordenantza zaharrak, bi hizkuntzak ageri behar zirela agintzen bazuen ere, ez zuen zehazten nola agertu behar ziren. Hala, ohiko bilakatu zen euskaraz jarritako mezua tamaina eta kontraste txikiagoarekin agertzea.

Maite Inda Euskararen Kontseiluko kidearen esanetan, «UPNk euskara ikusezin bihurtzeko estrategia hartu du». Indaren aburuz, «euskaldunok hizkuntza zapalketa oso barneratua daukagu, eta natural bilakatu nahi izan dute euskara bazterturik egotea; hortaz, biziki garrantzitsua da euskarak karriketan lekua izatea, handia baita hizkuntza paisaiak herritarrengan duen oharkabeko eragina».

Araua onartu bazen ere, «sistematikoki aplikatu beharrean, tarteka egiten dute», Indaren hitzetan. Anitzetan, hainbat euskarritan gaztelania hizkuntza nagusi gisa islatzen da, eta ondotik euskara agertzen da, ingelesa edo frantsesarekin lehian. «Euskara atzerriko hizkuntza gisa ibiltzen du UPNren gobernuak, eta, horrela, bere estrategia orokorraren beste atal bat elikatzen du. Beste hizkuntza bat ikasi nahi izanez gero, zein izanen litzateke: euskara ala ingelesa?», galdetu du Kontseiluko kideak.

Iazko eta aurtengo aurrekontuetan, errotulu okerrak aldatzeko diru kopuru bat zehaztu du udalak. «Hori positiboa da, batetik, arauarekin bat ez datozen euskarriak konpontzea ahalbidetzen duelako; eta, bestetik, mezu bat ere igortzen duelako: hiriko euskal komunitatea baztertzeak ondorio ekonomikoak ekarriko dituela, hain zuzen. UPNk, baina, erantzukizunik gabe jokatu du, ondorio horiek hiritar guztiok ordaintzen baititugu».

Mikel Belaskok, jada desegindako Udaleko Toponimia Batzordeko kideak, aditzera eman duenez, UPNk araua saihesteko beste bide bati ekin dio. «Bada, gaztelera hutsean zeuden plaketan calle hitzaren alboan kale ezarri duten arren, kalearen izena bere horretan utzi dute, gazteleraz. Gainera, bi hizkuntzetan era egokian ziren beste plaka batzuk aldatu, eta gazteleraz bakarrik jarri dituzte».

Belaskok, beste aditu anitzekin, Iruñeko toponimia zerrenda egin zuen, euskarazko izendapenak finkatzeko, eta etorkizunean Iruñerriko antzinako toponimoak kontuan har daitezen. Alta, udal gobernuak ez zuen txostena aintzat hartu. «Bazter batean utzi zuen, ahaztuta. UPNk ez du nahi euskarak Iruñeko karriketan presentziarik izatea», gaitzetsi du.

Aldaketa helburu

Iruñeko Euskalgintzak, berriz, Aldatuko dugu ekinbidea aurkeztu zuen iaz. Iruindarren parte hartzean oinarriturik, legea urratzen zuten errotuluen argazki bilketa abiatu zuten, gerora udalean aurkezteko. Dinamikaren sustatzaileen arabera, jada aldaketa anitz egitea erdietsi dute.

«Aldatuko dugu dinamika Aldatzen ari gara bilakatu da. Izan ere, gero eta gehiago dira Iruñeko karriketan euskarari dagokion tokia eskaintzen dioten euskarriak», nabarmendu zuten ekinbidearen bultzatzaileek. Hemendik aurrea, ordea, lan dezente gelditzen da egiteko, euskalgintzako kideek diotenez. Horregatik, euskararen ordenantzan beste aldaketa bat sustatuko dute: euskara zein gaztelera euskarri berean ager daitezela, ez banandutako euskarrietan. «Udalak euskarri ezberdinetan argitaratzen du, eta horrek maiz ekartzen du euskarazko eskuorririk ez egotea; ez direlako iritsi, bazterrean ahantzita gelditu direlako... Hala, euskarri bera partekatzeak euskararen presentzia ziurtatuko luke».

@ Ordenantza urratzen duten errotulazioez ohartarazteko, posta elektronikoa jarri dute:

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.