UPNko zuzendaritza estreinakoz bildu da

Alderdiak nabarmendu du «zintzotasunez» arituko dela politikan, «gezurraren normalizazioaren kontra»

UPNko zuzendaritzaren lehen bilera
UPNko zuzendaritzaren lehen bilera. UPN
joxerra senar
2024ko maiatzaren 7a
20:55
Entzun

Astebete pasatu da UPNk XIII. kongresua egin zuenetik, eta, Cristina Ibarrolaren agintaritzapean, lehen bilera egin du UPNko zuzendaritza batzordeak. Azken asteotan berrikuntza demokratikoari eta gezurren erabilera politikoari buruz izan den eztabaidaren harira, bere printzipio orokorrak azpimarratu nahi izan ditu UPNk, kanpora begira.

Lehen bilera horren osteko prentsa oharrean, UPNk aldarrikatu du «zintzotasunez eta zorrotz» arituko dela politikan, «gezurraren normalizazioaren aurkako borrokan». Hala azpimarratu du politika onaren balioan sinesten duela alderdiak. Bide beretik, zuzendaritzak onartutako testuak dio gizartearen garapenaren alde lan egingo dutela «askatasunez, besteenganako errespetuz, foraltasuna ardatz harturik eta herritarren interesak alderdiaren gainetik jarriz». 

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak proposatutako eztabaidari erantzunez, UPNk adierazi du «prentsa askatasuna, pentsamendu askatasuna, adierazpen askatasuna eta botereen banaketa defenditzeko konpromisoa» hartzen dutela. 

Ibarrolaren lehen elkarrizketa

Iragan asteburuan, Diario de Navarra egunkariak lehen elkarrizketa egin zion Cristina Ibarrolari, UPNko presidente gisa. Bertan, Ibarrolak adierazi zuen ez zuela hitzartu Alejandro Toquerorekin presidentegai izatea hurrengo foru hauteskundeetan. Izan ere, UPNko Kongresuan Ibarrolak berriro Iruñeko alkategai izateko nahia azaldu zuen, eta atea irekita utzi zuen beste zerrendaburu bat izateko parlamentura begira.

Elkarrizketan, Ibarrolak adierazi zuen ez dutela Voxekin akordiorik egiteko asmorik, UPN «zentroan» dagoelako eta Vox «muturrean». EH Bildu, berriz, ezker muturrean ikusten du. Inoiz ados jartzeko aukera posible ikusten du, baina ez gai nagusietan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.