Nafarroako Gobernuak hiru miloi euro bideratuko ditu 2009an euskararendako. Alegia, inoiz baino diru gutxiago. Datorren urterako egindako aurrekontuen proiektuan %25 murriztu du UPNren gobernuak Euskarabidearen dirua aurtengo aurrekontuekiko. Dena den, %16 murriztu zuen aurtengo ekainean lau milioiko aurrekontu hori foru gobernuak, krisiari aurre egiteko neurri gisa. Hortaz, Euskarabideak aurten baino %9 gutxiago izanen du 2009an. Aurrekontuen testua aurreko ostiralean ailegatu zen Nafarroako Parlamentura, eta alderdien zuzenketen zain geratuko da hemendik aurrera.
Horren karietara, Euskarabidea sortu zutenetik urte bat igaro dela, erakundeko zuzendari kudeatzaile Xabier Azanzak euskararen normalizaziorako egindako lanak azaldu beharko du gaur Nafarroako Parlamentuan, Hezkuntza kontseilari Carlos Perez Nievasekin batera, NaBaik eskatuta.
Euskarabideko murrizketak gehien jasango dituztenen artean, udalak, euskarazko hedabideak eta euskaltegiak daude. Udalendako eta kontzejuendako diru saila, izan ere, 550.000 eurokoa izan da aurten, eta, datorren urtean, 350.000 eurokoa izanen da. Hedabideek oraindik ez dute dirurik jaso, eta heldu den urterako 9.567 euro soilik aurreikusi ditu Nafarroako Gobernuak.
Herri ekimeneko euskaltegiei dagokienez, 2008an 510.000 euro jasotzea aurreikusita zegoen, eta, 2009an, 400.000 euro jasoko dituzte. Euskarabideko goi karguen diru saila, ordea, ia hirukoiztu egin da: 177.331 euro dira heldu den urterako, eta 58.842 euro izan dira aurten.
Eremu ez euskalduneko lau ikastolen diru laguntzak, berriz, zertxobait handituko dira. Hala ere, azken urteetan bideratutako euro kopuru antzekoa jasoko dute: 1,5 milioi euro inguru, 1,4 miloi euro Hezkuntza departamentuarekin duen hitzarmenaren bitartez eta 106.601 euro Euskarabidetik.
1992. urtetik aurrera, etenik gabe jaitsi da Nafarroako Gobernuak euskararendako bideratu duen diruaren ehunekoa aurrekontuen osotasunaren aldean. Orduan, lau milioi euro bideratu zituen hizkuntza politikako zuzendaritzara. Harrezkero, euskararendako dirua urteetan izoztuta egon da, edo, aurten gertatu bezala, kopurua murriztu egin dute. 2002an, adibidez, euskara sustatzeko 4,2 miloi euro bideratu zituen foru exekutiboak -eremu ez euskalduneko lau ikastolek jasotzen duten dirua kontuan hartu gabe-. Diru hori urte hartako aurrekontuen %0,17 zen, guztira, aurrekontu orokorrak 2002rako 2.491 milioi eurokoak ziren eta. Aurten, bada, aurrekontuekiko portzentaje hori %0,06 da.
Hortaz, urteak igaro ahala, eta salbuespenak salbuespen, ehuneko hori txikituz joan da: 2006an, %0,08 zen ehuneko hori, eta, iaz, %0,09ra igo zuten. 2008an, Euskarabidea lehen aldiz Nafarroako aurrekontuen barruan sartu zutenean, %0,09 horri eutsi egin zion Nafarroako Gobernuak. Euskarabidearen sorreratik euskarara bideratutako dirua are gehiago murriztu da, beraz. 1995tik 2001a arte euskararendako dirua izoztuta egon zen; Pedro Pegenautek Hizkuntza Politikaren ardura hartu zuenean, ordea, murrizketak hasi ziren. 2001ean %4 murriztu zen euskararendako dirua, eta, 2002an, %12.
Arlorik kaltetuena, beti
Nafarroako aurrekontuak 2009rako 4.301 milioi eurokoak dira, eta nahiz eta beste urte batzuek izaniko hazkunderik ez duten izan, 2008ko kontuekin alderatuz gero %0,34 gehiago erabiliko du Nafarroako Gobernuak.
Euskara, ordea, krisiari aurre egiteko ekainean hartutako neurrietan bezala, zartadarik handiena jaso duen arloa izan da. Ekainean, Miguel Sanz Nafarroako presidenteak aurrekontuetatik 150 miloi euro "erreserban" utziko zituela iragarri zuenean, euskara sustatzeko ekimenetik murriztu zuten diru gehien: Euskarabideko aurrekontua %16 murriztu zuten, hots, Hezkuntza Departamentuan egindako murrizketaren laukoitza.
Datua
9.567 euro, euskara erabiltzeagatik 2009an Nafarroako hedabideek jasoko duten dirua. Aurten, 510.000 euro banatu behar zituen Nafarroako Gobernuak euskara erabiltzen duten Nafarroako hedabideen artean. Diru sail hori, baina, izoztua dago urtea amaitzeko bi hilabete falta diren honetan. Hori gutxi ez, eta datorren urtean 9.567 euro banatuko ditu UPNren gobernuak. Laguntzak ia desagerrarazi eginen dira, eta hainbat hedabidek ateak itxi egin beharko dituzte.
Euskara
UPNren gobernuak %25 murriztuko du Euskarabidearen aurrekontua
UPNko gobernuak %25 murriztuko du Euskarabidearen datorren urterako aurrekontua, eta guztira hiru milioi euro jasoko ditu euskarak, 1992. urtean baino milioi bat gutxiago. Euskarazko komunikabideek aurten ez dute dirurik jaso oraindik, eta datorren urterako murrizketetan ere eurak dira kaltetuenak, udalekin eta euskaltegiekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu