UPNren presidentegaia izango da Barcina
UPNko presidenteak Cadreitan eman dio hasiera urte politikoari.Bere hautagaitzaren alde agertu izana eskertu dio Catalani.Nieves auzi-ko gertakariak «erabakigarriak» izan direla aitortu du

«Zuek konfiantza ematen badidazue, nirekin kontatu Nafarroako etorkizuna irabazteko». Hitz horiekin eta txalo artean aurkeztu du bere hautagaitza Yolanda Barcinak, eta urrats horrekin jada UPNk argi utzi du nor izango den hauteskundeetako zerrendaburua. Iragan egunetan Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteak iragarri zuen ez zela lehiara aurkeztuko eta Barcina dela «hautagai onena». Urte politikoa hasteko Cadreitan egindako ekitaldian, UPNko presidenteak keinua itzuli eta eskertu zion Catalani: «Alberto, zinez, eskerrik asko zure leialtasunagatik, zure konpromisoagatik eta beti Nafarroa aurretik jartzeagatik».
Iragan urtean legez, Cadreitako Marisol jatetxean ekin dio urte politiko berriari Barcinak, eta komunikabideen aurrean ikusmin handia sortu duela jakinik, alderdiaren batasun irudia irudikatu nahi izan du. Hala, alkatez eta zinegotziz inguratuta, alderdiko ordezkari garrantzitsuenak Cadreitan izan dira, Alberto Catalan bera barne. Sektore kritikoko beste aurpegi batzuk ere ikusi ahal izan dira. Hori nahi izan du Barcinak: «Batuta gaude. Talde handi bat gara eta hori funtsezkoa da edozein erabaki pertsonal hartzeko», azaldu du, bere hautagaitza publiko egin aurretik.
Erabaki zaila
Nahiz eta bere hautagaitza aurkeztu, Barcinak onartu du hautu zaila izan dela eta legealdi honetako gorabehera guztiek kalte egin diotela. «Nire bizitza politikoko hiru urterik okerrenak izan dira. Uste nuen ezerk ez ninduela harrituko, Iruñeko alkate gisa jasandako eraso pertsonal guztien aurrean nahikoa eskarmentu banuela, baina lehen hiru urtekoan espero ez nituen desleialtasunak jasan ditut. Sekula irudikatuko ez nituzkeen gauzak ikusi ditut».
Hitz horiekin, ahotsean emozioa nabari zitzaiola, Nieves auzi-ko ikerketa batzordearen egunei egin die ezinbestean erreferentzia. Idoia Nieves ogasuneko zuzendari ohiak egindako salaketak ataka estuan utzi zuten Lourdes Goikoetxea presidenteordea, Barcina bera eta gobernu osoa. Horregatik, Goikoetxearen figura ekarri du gogora: «Politikan sartzera gonbidatu nuen pertsona baten aurkako sorgin ehizarekin bereziki sufritu dut, eta haren bekatu bakarra Nafarroaren alde egitea izan da». Barcinaren esanetan, krisi politiko hari «nafarrek emandako erantzunaerabakigarria izan da» hautagaitza aurkezteko. «Badakit ez dudala biderik errazena aukeratu, baina asko geratzen zaigu egiteko», gaineratu du.
Etorkizunerako erronken inguruan, autogobernuaren defentsa aldarrikatu du, eta UPNk beti egin duen bezala, gainerako erakundeekin leiala izango dela azaldu du. Hala, Konstituzionalak foru legeen eta Nafarroaren zerga ahalmenaren aurka egindako erasoak direla eta, Espainiako Gobernuari ere irmo leialtasuna eskatuko diola berretsi du. Hala ere, argi utzi du zein diren bere zutarriak: «Nafarroa foruduna da, leiala eta Espainiarekin konprometitua».
Azken egunetan UPNko sektoreek eskatu bezala, Konstituzioaren hurrengo erreforman laugarren xedapen iragankorra kentzeko eskatuko dutela agindu du. Xedapen horrek EAEk eta Nafarroak bat egiteko aukera jasotzen du, eta «foru erregimenaren aurkako erasotzat» hartu du. «Nafarroa ez da iragankorra», oihukatu du, UPNren kanpainako leloetako bat aurreratuz.
Krisiaren aurrean, Nafarroa bide onetik doala azaldu du, nahiz eta argi utzi ez dela amaitu. «Akatsak egin ditugu eta umiltasunez onartu behar ditugu eta akats horietatik ikasi. Sinets nazazue, asko ikasi dut».
Hauteskundeei begira, iragarri du UPNk ez duela «ez populisten ez abertzaleen aurrean» amore emango. Bere esanetan, alternatiba Bilduk gidatutako «indar-mazedonia bat», eta UPN boteretik kentzea baino ez dute buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu