UPNri gailenduta, EH Bilduko Xabier Alkuaz izango da NUKFko buru

Tafallako alkateak 755 boto lortu ditu, UPNko Alejandro Toquerok baino 312 gehiago. PSNko eta Geroa Baiko kideen babesa jaso du, eta ziurtatu du «ahalik eta kontsentsu handiena» bilatuko duela

Emaitzaren berri izanda, batzarrera bertaratutako askok txaloka hartu zuten Xabier Alkuaz federazioko presidente hautatu izana. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Aspaldidanik, EH Bilduk garrantzi handia eman dio udalgintzari, eta Nafarroan saria jaso du. Xabier Alkuaz Tafallako alkatea izango da datozen lau urteetan NUKF Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentea. Atzo arratsaldean izandako batzarrean, 755 boto lortu zituen, eta aise gailendu zitzaion UPNko hautagaiari, Alejandro Toquerori: hark 443 boto jaso zituen. Batzarraren osaerak udalen mapa politiko konplexuari erantzuten dio, baina atzoko emaitzak agerian utzi zuen UPN bakarrik geratu zela: alderdiko hautetsien eta bere inguruko zinegotzien babesa baino ez zuen jaso Toquerok. Alkuazek, berriz, PSNko, Geroa Baiko eta beste hainbat udal eta kontzejutako kide independenteen botoa izan zuen.

17:00etan hasi zen batzar berezi bezain jendetsua. Tamainaren arabera, boto kopuru jakin bat dute udaletako ordezkariek. Orotara, 1.547 boto ponderatu zeuden deituta, eta, azken emaitza ikusirik, parte hartze handia izan zuen batzarrak: 1.338 boto bildu ziren guztira. Batzarraren hasieran aurkeztu zituzten beren kartak UPNk eta EH Bilduk. Eskuineko alderdiak Alejandro Toquero aurkeztu zuen, eta koalizio abertzaleak, Xabier Alkuaz.

Bien lehia estua izan zitekeela antzematen zen aldez aurretik. Azken finean, Nafarroa osoko bi indar munizipalistak dira: UPNk irabazi zituen udal hauteskundeak, EH Bilduk baino 16.700 boto gehiago eskuratuta, baina koalizio abertzaleak ia ehun hautetsi gehiago eskuratu zituen. Emaitza horiek NUKFko batzarrera eramanda, aldez aurretik kalkulatzen zen UPNk 350-400 boto izan zitzakeela eta EH Bilduk 300 inguru.

Alta, gainerako indarrek erabakiko zuten balantza: Geroa Baik 50 zituen; PSNk, 100 inguru; eta independenteek, 600 inguru. Azken horien artean, orotariko joera duten zinegotziak zeuden, eta, PSNk ez zuenez aurreratu zer egingo zuen, panorama irekirik zegoen.

Estatutuen arabera, lehenengo bozketan gehiengo osoa eskuratu behar zen, eta bigarrengoan aski zen gehiengo sinplea. Alta, bozketak ia ordubete iraun zuen, eta, lehen itzuliko emaitza ikusi zenean, batzarkideek berriz ez bozkatzea hobetsi zuten. Alejandro Toquerok ontzat jo zuen erabakia. UPNk Maria Lekunberriren hautagaitza ere aurkeztu zuen. Hark beste berrogei boz eskuratu zituen, eta, horregatik, federazioko bi presidenteordeak UPNkoak izango dira —EH Bilduk ez zuen beste hautagairik aurkeztu, botorik ez zatitzeko—.

Beste zortzi ordezkari

Ondoren, beste bozketa bat egin zen zuzendaritzako gainerako 22 kideak aukeratzeko. Bide berean bozkatu zen, eta, horri esker, EH Bilduk beste bederatzi kide ziurtatu ditu NUKFren erabaki organoetan: Angel Unzue Agoizko alkatea, Dabid Anaut Leitzakoa, Berta Arizkun Burlatakoa, Unai Razkin Irurtzungoa,Santos Etxegia Basaburukoa, Itziar Imaz Gareskoa, Silvia Sesma Etxarri Aranazkoa, Ladis Satrustegi Lesakakoa, eta Mikel Oteiza Atarrabiakoa. Gainera, PSNk hiru kide izango ditu gutxienez —Susana Castanera Alloko alkatea, Tirso Calvo Ribaforadakoa, Alejandro Lopez Orkoiengoa—, eta Geroa Baik, bat bederen: Zizur Nagusiko alkate Jon Gondan. Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak ere tokia izango du.

Azken egunetan negoziatzen izan ostean, sozialistek EH Bilduko hautagaiaren alde egin zuten. Bezperan, Ramon Alzorrizek adierazi zuen UPNrekin ere hitz egiten ari zirela. Atzo, emaitzaren berri izanda, Alzorrizek azaldu zuen ezinezkoa zela Toquerori botoa ematea: «Ez da posible egunero gu iraintzen eta Nafarroako Gobernuaren aurka egiten ari den alderdi batek eta pertsona batek gure botoa nahi izatea». Alzorrizen arabera, Alkuazen hautagaitzak Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aritu nahi du, eta zerbitzu publikoak hobetu.

Hautatua izan aurretik, Alkuazek batzarkideen aurrean esan zuen federazioa erreferentziazko erakunde bat dela, eta presidente gisa «ahalik eta kontsentsurik handiena» lortzen saiatuko dela oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Gogora ekarri zuen oraintxe 272 udal, 346 kontzeju eta 71 mankomunitate daudela Nafarroan. «Horietako asko biztanleak galtzen ari dira, eta ezinbestekoa da administrazioen arteko lankidetza sendotzea eskualdeen garapen sozioekonomikorako».

Iragan legealdian, aldatu egin zen Nafarroako Parlamentuan udalen gastu arrunterako eta inbertsioetarako finantzaketa eredua, baina oraindik ere bidea «egiteko» dagoela uste du. Gainera, udalei lagundu nahi die energia aurrezteko eta autokontsumorako proiektuak erraztuz eta komunitate energetikoak sustatuz. Beste erronken artean aipatu duberdintasunaren eta euskararen normalizazioaren alde egitea.

Alkuazen iritzia

Atzoko emaitzak garrantzia du, Nafarroako udalgintzak norabide politiko bat hartu duelako eta PSNk hori babestu duelako. Amaieran, Alkuazek goraipatu zuen «ezkerreko gehiengo aurrerakoiak indartu» egin direla.

Bestelako interpretazioa egin zuen Toquerok: «EH Bilduren besoetan erori da. Beste behin marra gorria zeharkatu du, eta nahiago izan du EH Bilduren alde egin», kritikatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.