Euskal Herriko Unibertsitateak irudi berria izango du. Hauxe aldaketa nagusia: aurrerantzean, gaztelerazko siglak kendu, eta EHU baino ez da izango, ez UPV/EHU. Eduardo Txillida eskultoreak sortu zuen ikur nagusia, aldiz, mantendu egingo dute, EHUren siglekin batera, eta «kolore paleta korporatiboa» gehitu dute, logotipoari euskarria emateko.
Errektoretza taldeak gaur aurkeztu du irudi berria gobernu kontseiluan. Aurreratu dutenez, bi arrazoi dituzte UPV/EHU izatetik EHU soilik izatera igarotzeko. Bat: «Unibertsitatearen irudia berritzea eta aro digitalera egokitzea, sinpleagoa bihurtzea eta unibertsitatearen ikurrari garrantzia handiagoa ematea, Euskal Herriko Unibertsitatearen oinarria hobeto isla dadin eta identifikagarriagoa izan dadin». Eta bi: izendapen bikoitzak eragiten dituen arazoei aurre egitea, eta, batez ere, Valentziako UPV Universidad Politecnica de Valenciarekin (Herrialde Katalanak) nahastea saihestea. «Era berean, eta ikuspegi teknikoago batetik, izena sinplifikatzeak eta zehar marra alboratzeak indexazio akademikoa erraztu dezake», erantsi dute.
Marka berria ekainean aurkeztu asmo dute jendaurrean, Txillida Lekun.
Ordezkoak, lanaldi osoan
Irudiarena ez da gobernu kontseiluko gai bakarra izan: gaur berretsi dute gehiengo sindikalarekin hartutako akordioa, datorren ikasturtetik aurrera ordezko irakasleak lanaldi osora kontratatu ahal izateko, eta, modu horretan, langile horien lan baldintzak hobetzeko. Gaur egun, ia berrehun irakasle ari da lanaldi partzialean ordezko gisa lanean.