Urak gainezka egin du kostaldeko zenbait lekutan

Marea biziak arazo batzuk sortu ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean. Segurtasun Sailak alarma horia ezarria zuen, itsasgora «historikoa» izan zitekeelakoan.

Marea bizia Bizkaian
Itsasgorak sortutako ur putzuak Erandion. MIGUEL TOÑA / EFE
gotzon hermosilla
2024ko otsailaren 12a
09:40
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alarma horia ezarria zuen astelehen goizalderako, marea biziaren eraginez itsasgora «historikoa» izan zitekeelakoan. Azkenean, ez da horrenbesterako izan, baina itsasgorak arazo batzuk sortu ditu, eta urek gainezka egin dute Bizkaiko itsasadarrean, Ondarroan (Bizkaia) eta Oria ibaiaren arroan (Gipuzkoa).

Itsasgora 06:11n izan da, eta zenbait lekutan urak gainezka egin du. Bilboko Zorrotzaurre auzoan uriola txikiak egon dira, eta atari batzuk hondatu dituzte. Itsasadarraren ubideko beste puntu batzuetan ere egon dira arazoak, hala nola Leioako Udondo auzoan eta Erandion. Han, ur putzuak sortu dira N-711 errepidean. Ondarroako merkatuaren inguruak ere urez bete dira.

Gipuzkoan, berriz, arazo nagusiak Oria ibaiaren arroan izan dira, Aia eta Orio artean, eta uholdeak N-634 errepideari eragin dio.

Igandean, Segurtasun Sailak iragarri zuen itsasgora «oso bizia» izango zela, 5,19 metroko altuera hartuko zuela eta kostaldeko lehen lerroa ez ezik barnealdeko zenbait lekutara ere irits zitekeela. Horregatik, estolderiaren eta drainatze sistemaren egoerari adi egoteko eskatu zien kostaldeko udalei.

Lapurdiko kostaldean ere laranja koloreko alarma ezarrita dago. Marea biziez gain, haizete handiak espero dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.