«Iragana geure egin, oraina duintasunez bizitzeko eta etorkizunera begiratzeko». Asmo horrekin, Uraren lokarriak herri ikuskizun artistikoa ondu dute erregimen frankistaren azken fusilamenduak oroitzeko: Juan Paredes Manot Txiki-rena, Angel Otaegirena eta FRAPeko Jose Humberto Francisco Baenarena, Ramon Garcia Sanzena eta Jose Luis Sanchez Bravo Sollarena. Azpeitian (Gipuzkoa) ondu eta aurkeztuko dute, urriaren 12an, 12:00etan, Soreasun, hainbat herritarrek eta taldeek egindako «memoria ariketa kolektiboa».
Ikuskizuna Azpeitiko Nuarbe auzoan abiatuko da, Angel Otaegi jaio zen tokian, eta handik Zarautzerainoko (Gipuzkoa) bidea egingo du, Txiki bizi zen herriraino. «Herri gisa euskaldunok gaurko munduko uretan zer esan eta zer egin dezakegun hausnartzeko printzak» plazaratu nahi dituzte, aurkezpenean esan dutenez.