Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan leku askotan daude martxan AHT abiadura handiko trenaren bidea egiteko lanak. Urtea amaitu aurretik Euskal Y-a egiteko lanen%77 martxan izango direla esan zuen Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak iragan astean, hedabideen aurrean, Tolosa eta Legorreta (Gipuzkoa) arteko lanak bertatik bertara ikusi ostean. Ederki aldatu da egoera azken bost urteetan; lanak Luku eta Urbina inguruan (Araba) hasi zituzten orduan.
Isilpean hasi zituzten lanak Arabako txoko horretan, eta denbora luzean martxan egon den AHTaren obra bakarra izan da Euskal Herrian. Nolabait AHTaren ikurra eta saiakuntza bankua izan da Urbina, bai tren lasterra egin nahi dutenentzat, baita kontrakoentzat ere. Gerora beste herri askotan jazotakoak Urbinako herritarrek beste inork baino lehenago bizi izan dituzte, eta, kasu zenbaitetan, beste herriei datorrenaz ohartarazteko erabili izan duten susmoa ere badute. Historia luzea dute, ezaugarri ugari dituena. Hona nagusiak:
1. Informaziorik eza
2006ko azaroan heldu zen albistea. Euskal Y-a egiteko lanak hasizituzten. Horren berri emateko ez zuten inaugurazio ofizial handirik egin Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Sustapen Ministerioko ordezkariek. AHT Gelditu! Elkarlanaren salaketa baten bidez heldu zen albistea; Eibar-Gasteiz autobidea egiteko desjabetutako lurretan trena egiteko obrak hasi zituztelajakinarazi zuen, eta Sustapen Ministerioak baieztatu egin zuen albistea.
Sekretupean hasitako lanak publiko egin zirenean ere informazio falta zegoela kritikatu zuten berehala herritarrek. Maria Jesus Martinez de Sarria bizilagunak ondo gogoan du garai haietako nahasmena, informazio falta:plano batzuen arabera, bere baserria desagertu egingo zen, eta beste batzuen arabera, ez. Urteak igaro dira, eta askoz informazio gehiago ez dutela jaso dio. Ordea, argi duena da baserria izan arren ezin izango duela bertan lanik egin. «Lurra badugu, baina ez lur horietan sartzerik». Milaka metro koadroko larrea hiru zatitan geratu zaie; AHTaz gain, tartetik beste bide bat ere sartu diete.
Zalantzak argitu bitartean, lanak gelditzeko eskatu zuen orduko Urbinako kontzejuko lehendakari Iosu Ormaetxeak garai hartan. «Ez zuten batere ondo hartu; herriarentzat ahal genuen diru gehien ateratzeaz kezkatu behar genuela esan zidaten, nahi ezta ere egin egingo zelako».
2. Obren eragina
«Aspaldi ez dago leherketarik, baina hautsa... Harrigarria da zenbat hauts egon daitekeen», dio Silvia Expositok. Urbinako bizilagun horri etxea eta Shiba-inu arrazako txakurren haztegia kendu zizkioten, trena bertatik hamabost metrora pasako zela-eta. Trenbidearen beste aldean etxe berria eta txakurtegi berria egin ditu, 250 metro ingurura, eta harria txikitzen duten makinen zarata jasan behar du oraindik ere.
Latze baserrian ere sufritu behar izan dute lanen eragina. «Nahi dutena egiten dute, nahi duten tokietatik sartzen dira», kritikatu du Martinez de Sarriak. Jokaera hori egunerokotasunean igartzen dutela dio; abereak dituzten lur sailetako hesiak irekita uzten dizkiete, eta noiz edo noiz kamioiak igarotzen diren errepidetik hartu behar izan dituzte. «Ardi bat Albertiako tunelean sartu zen, eta haren bila joan behar izan nuen», gogora ekarri du Martinez de Sarriaren semeak.
Kaltetu bakarrak ez dira izan lurrak edo etxeak kendu dizkietenak, Urbinako herritar guztiengan eragozpenak eragin dituzte obrek, Ormaetxeak azaldutakoaren arabera. «Bost tonatik gorako kamioiak ezin dira herritik pasa, herriko administrazio batzordeko baimena izan ezean; ordea, 30 eta 40 tonako kamioiak sartu dituzte».
Herria zikintzeaz gain, obrek estolderian ere arazoak eragin dituztela diote. Kamioien etengabeko joan-etorriek, halaber, segurtasun arazoak eragin izan dituzte usu. Ertzaintzarengana jo izan du maiz Martinez de Sarriak lanek sortzen duten segurtasun falta hori salatzera; ezbehar bat gertatuko den beldur dira.
3. Jazarpena
Lanen hasieratik herria «militarizatuta» dagoela nabarmendu du Ormaetxeak. Obretako segurtasun pribatuko zaindariez gain, Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren presentzia etenik gabea dela dio. «Duela zortzi hilabete egunero genuen Guardia Zibilaren kontrola herriaren erdian». Inguruko mendietara joateko ere arazoak jarri dizkiete sarri herritarrei; ibilaldiak egitera joan direnean lanetako segurtasun pribatuko langileak atzetik izan dituztela esplikatu dute.
Jazarpen ekonomikoa ere jasan izan dutela dio Ormaetxeak. «Urbinan euro batean erosi zuten beste leku askotan bostean erosi zutena», kritikatu du. Jokabide horrekin instituzioekin harreman ona izan behar dela irudikatu nahi izan dietela gaineratu du. Hala, Urbinatik kilometro gutxira dauden herrietan lur eremuengatik nabarmen gehiago ordaindu dutela jakin dute.
Egoera kezkagarriaren seinale, hainbat bitxikeria ere badituzte Urbinako herritarrek. Urbina, esaterako, mapatik ezabatzea lortu dutela diote. «Autobidetik zoazela ez duzu ikusiko hemen herri bat dagoenik», ohartarazi du Ormaetxeak. Luku, Urrunaga, Betolatza, Goiain... Herri guztien izenak agertzen dira karteletan; Urbina falta da. «Karteletan lekurik ez zegoela argudiatu zuten». Horrez gain, GPS nabigatzaile batzuetan ere ez dela agertzen diote.
4. Herria, ikur
Lanak pairatzen lehenak izateaz gain, herri moduan AHTaren aurkako jarrera argia erakusten lehena ere izan zen Urbina erreferendum batean. 2006ko uztailaren 16an egin zuen galdeketa baten bitartez islatu zuen hori:emaitza ezin argiagoa izan zen. Bozkatzeko eskubidea zuten 115 pertsonatatik 108k parte hartu zuten, eta guztiek aurkako botoa eman zuten. «Garai batean Hegoaldeko Trenean lan egin zuen gizon batek ere aurka bozkatu zuen, eta burdinbideetako langile batek tren baten aurka egitea adierazgarria da», azaldu du Ormaetxeak.
Erreferendum horrek Urbinatik kanpo ere izan zuen oihartzuna. «AHTaren aurkako galdeketetan parte hartze txikia egon ohi dela aurpegiratu izan digute, baina Urbina kontrakoa izan zen», gogora ekarri du Hilario Manzanedok, orduko AHTaren aurkako asanbladako kideak. «Herritarren jarrera horrek indarra eman zigun egitasmoaren aurka geundenoi; zilegitasunak ematen dizun indarra», nabarmendu du Mikel Alvarezek, orduko AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak. Herriaren erresistentzia espiritua, bertan lanak hasi zirela ikustea... «AHTari aurpegia jarri zion Urbinak», azaldu du Aitor Aspuru AHTaren aurkako asanbladako kideak. Hura da 2009ko urtarrilaren 17an Urbinan jazotako gertaerengatik gaur epaituko duten pertsonetako bat.
«Ikur izaera» aitortu dio Mila Elorza Elkarlaneko kideak ere herriari, eta orduko ausardia hori aurrerago sufritu behar izan dutela ondorioztatu du. Horregatik, iragan larunbatean Urbina eta Gasteiz oinez lotu zituen martxan AHTaren aurka daudenekin izandako jokabidea eskertu zieten Urbinako auzoei, hasieratik jarrera irekia erakutsi baitute mugimenduarekiko. Herritarrek ere esker oneko hitzak dituzte AHTaren aurkako mugimenduko kideentzat. Babesa jaso dutela diote. Ormaetxea: «Berrindartzeko aukera eman ziguten».
5. Erresistentzi Gunea
Urbinako lanak hasi aurretik ere mobilizazioak egin ziren Euskal Herriko txoko ugaritan: lur eremuen laginketen harira egindako ekimenak, kanpaldiak... Ordea, lanen hasierak eta Urbinako herritarren harrera onak ekimen zehatz eta indartsu bati hasiera eman zioten: Erresistentzi Gunea abiatu zuten. «Guztiz autonomoa izan zen ekintza hura, bainaAHTaren aurkako talde guztien babesa izan zuen», gogorarazi du Alvarezek. Konfrontazioa eta desobedientziatrenaren obretara eramateko helburua zuten.
Gune txikia izan arren —egunerokoan dozenaka lagunek parte hartzen zuten— oihartzuna izan zuen iraun zuen bi hilabeteetan. «Jendea ezagutzeko balio izan zuen», gogorarazi du Aspuruk, eta, bestetik, jendea suspertzeko. «Hainbat eskualdetan berpiztu, eta beste askotan AHTak irudikatzen duen ereduaren aurkako ekimenak sortu ziren», azaldu du Manzanedok. Urbina eta Luku arteko lanetan egindako ekimenek sona handia izan zuten: obretan kateatu ziren hogei lagun, okupazioak egin zituzten...
2006 bukaeran, ETAk Barajasko aireportuko (Madril, Espainia) T4 terminalaren kontrako atentatua egin eta su-etena hautsi ostean, joera aldaketa igarri zuten zenbat esparrutan. Ertzaintzaren jokabidea, esaterako, gehiago gogortu zen. «Hainbat ekintzatan poliziaz inguratuta egon ginen, helikopteroa gainean genuela, eta gu beldurtzen ahalegindu ziren». Horrez gain, zenbait hedabidek AHTaren aurkako mugimenduaren «kriminalizazio kanpaina» hasi zutela diote. «Itogarria bihurtu zen, gure mugak ikusi genituen», adierazi du Alvarezek.
6. Urbina, 2009
2008aren bukaeran AHTaren lanak Bizkaiko eta Gipuzkoako toki zehatz batzuetan hasi zituzten, eta horrek agian «desmotibazioa» eragin zuela uste du Alvarezek. Horrekin batera ETAk Inaxio Uria enpresaburua —haren enpresa AHTaren obretan ari zen— hil zuen, eta jazoerak eztabaidak eragin zituen Elkarlanean. Argi utzi zuten, hala ere, tren lasterraren kontrako borrokan segitzeko asmoa, eta horretarako estrategia ebatzi zuten.
Urtarrilaren 17ko gertaera ezagunak testuinguru horretan jazo ziren; eserialdi bat egin zuten Urbinan, eta Polizia oldartu egin zitzaien. Gertaera mugarri bat izan zela diote. «Bertan erabili zuten bortizkeria ez zen batere normala izan», nabarmendu du Aspuruk. «Goitik lezio bat eman nahi izan zuten, eta jipoia jaso arren oraindik ere epaitu egiten gaituzte», dio Manzanedok. Bestetik, hutsean gelditu zen arren, garai hartan AHTarekin lotutako atxilotuak «terrorismoarekin» lotzeko saioa agerian utzi zuen Ertzaintzak, kasuak Espainiako Auzitegi Nazionalera bideratuta. Ordutik beste ildo batzuk landu ditu tren lasterraren aurkako mugimenduak; diputazioetako Ogasun Sailaren izenean Hego Euskal Herriko etxe gehienetara bidalitako gutunak kasu.
7. Etorkizuna
Geroan jarraitu beharreko bideari buruzko eztabaida zabalik dago. Borroka bideei buruzko eztabaidaz gain, hiriburuetako biztanleengana heltzeko erronka du tren lasterraren aurkako mugimenduak.
Urbinako herritarrak ere geroan pentsatzen hasi dira. Trena bukatzen bada martxan jartzen denean eragin ditzakeen ondorio kaltegarriak dituzte buruan. Herria zarataz babestuko zuen tunel artifizial bat eta hesi batzuk agindu zizkieten, baina ezer egingo ez den susmoa du Ormaetxeak. «Zabor horrekin guztiaren bizitzen ikas dezaket, ez dudalako beste irtenbiderik, Urbinan bizi nahi dudalako. Baina hori bai, ez dut inoiz onartuko».
Azpiegiturak. Abiadura handiko trena
Urbina, AHTaren saiakuntza bankua
Duela bost urte hasi zituzten tren lasterraren 'Euskal Y' bidea egiteko obrak, Arabako txoko batean, Urbinan; ordutik, egitasmo horren alde eta aurka daudenen ikur bihurtu da inguru hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu