Urdulizko erietxe berria, lanerako prest

Irekiera ekitaldian Urkulluk esan du ospitaleak kalitatezko zerbitzu unibertsala indartzen duela. Pribatizazio saialdiak salatu dituzte bertan

Agintari asko izan ziren ospitalea bisitatzen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko uztailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Urdulizko ospitale berriak (Bizkaia) ateak ireki zituen atzo inaugurazio ekitaldirako, eta uztailaren 7an martxan hasiko dira kanpoko kontsultak eta erradiologia zerbitzua. Aurkezpenean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak azpimarratu duOsakidetzak eskaintzen duen zerbitzua «hobetuko eta sendotuko» duela erietxe berriak.

Urkulluk gehitu du «ekintzen bidez» erakusten ari direla gobernuaren «lehentasuna» dela osasun zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoa bermatzea. Izan ere, Jaurlaritzak 153 milioi euro bideratu ditu azken lau urteetan Uribe eta Mungialdeko 175.000 herritarrentzako ospitale «moderno, eroso eta hurbila» eraikitzera. 38.000 metro koadro ditu, eta hiru eraikin, zortzina solairurekin; 148 ohe izango ditu.

Bizkaian 32 urtean ireki den lehen ospitale publiko oheduna da Urdulizkoa —azkena Usansolokoa izan zen—. Halere, aurreikusi baino diru eta denbora gehiago inbertitu da, ospitalea 2013an irekiko zuela iragarria baitzuen Jaurlaritzak. Hain zuzen, Urkulluk gogoratu du azpiegitura hiru legegintzalditan landu dela; aurrekoen lana eskertu du, baita Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Urdulizko Udalaren laguntza ere.

Urdulizko ospitaleak Alfredo Espinosa du izena, frankistek fusilatu zuten Agirre lehendakariaren gobernuko Osasun sailburu izandakoaren omenez. Irekiera ekitaldian hitzaldi eta bisita gidatuez gain, Espinosa gogoratu dute. 150 gonbidatuen artean, Jaurlaritzako, Osakidetzako, Bizkaiko Aldundiko eta eskualdeko udaletako ordezkariak egon dira.

Pribatizazioa eztabaidagai

Erietxearen kanpoko aldean, berriz, protesta egin zuten ELA, LAB, UGT, CCOO, SATSE eta ESK sindikatuek, kudeaketa erabat publikoa izan dadin eskatzeko. Ekainean lanuzteak egin zituzten zerbitzu batzuen pribatizazioa salatzeko. Jon Darpon Osasun sailburuak asteon argitu du osasun zerbitzuak Osakidetzako langileek emango dituztela, baina sukaldea, garbiketa eta araztegi zerbitzuak azpikontratatuko dituztela.

EH Bildu ere irekiera ekitaldian egon da, baina koalizioak salatu du Osakidetzak murrizketa eta pribatizazioak gauzatzen eta ezkutatzen jarraitzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA