Urduñako jaietan bortxatu egin dutela salatu du neska adingabe batek

Otxomaioetan izandako sexu erasoak gaitzestera deitu du Urduñako Jaiak Koordinatzeko Mahaiak. Elkarretaratzea egingo dute bihar, 20:30ean.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2026ko maiatzaren 14a
14:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neska adingabe batek salatu du joan den asteburuan bortxatu egin zutela Urduñan (Bizkaia); Ertzaintzak berretsi du ikerketa bat abiatu duela gertatutakoa argitzeko. Egunotan otxomaioak ospatzen ari dira Bizkaiko herri horretan, eta «eraso matxista larriak» izan direla jakinarazi du gaur Urduñako Jaiak Koordinatzeko Mahaiak. Horien aurkako jarrera aktiboa adieraztera deitu ditu herritarrak: Urduñako Udalak eta jaietako mahaia osatzen duten erakundeek elkarretaratzea egingo dute bihar, 20:30ean, Foru plazan.

Erasook «guztiz onartezintzat» jo ditu jaietako mahaiak, eta horiek jasan dituzten emakumeei «elkartasuna eta babesa» adierazi die: «Ez dago inolako justifikaziorik indarkeria matxistarako». Erantsi du, gainera, bortizkeria matxista ez datorrela bat Urduñako jai ereduarekin: «Jai libreak, seguruak eta errespetuzkoak nahi ditugu». Hala, indarkeriaren aurka «erantzun kolektiboa» ematera deitu du: «Bereziki garrantzitsua da komunitate gisa erantzutea, elkar zainduz eta indarkeria matxistarekiko zero tolerantziarekin. Horregatik, udalerri osoari dei egiten diogu konpromisoa har dezan errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jaiak eraikitzeko».

Era berean, gogora ekarri du festetan erasorik pairatzen dutenak «espazio seguruetara» joan daitezkeela, hau da, puntu morera edo txosnetara: «Inor ez dago bakarrik, eta arretarako eta laguntzarako baliabideak eskuragarri daude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA