Uribe Kosta BHIko langileek salatu dute areagotu egin direla irakasleen aurkako erasoak

Plentziako ikastetxe horretako irakasleek bi elkarretaratze egin dituzte egoera salatzeko, eta Hezkuntza Sailari egotzi diote irakasleak «babesgabe» uztea. Haien arabera, «mehatxuak, erasoak eta umiliazioak» ohiko bihurtu dira.

Plentziako Uribe Kosta BHI zentroa, artxiboko irudi batean. IRATXE RODRIGUEZ / EFE
Plentziako Uribe Kosta BHI zentroa, artxiboko irudi batean. IRATXE RODRIGUEZ / EFE
maddi iztueta olano
2026ko maiatzaren 26a
18:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakasleen aurkako «mehatxuak, erasoak eta umiliazioak» nabarmen areagotu dira azken urteotan, ohiko bihurtzeraino. Horixe salatu dute gaur Plentziako (Bizkaia) Uribe Kosta BHIko langileek. Bi elkarretaratze egin dituzte goizean, eta horietan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari egotzi diote irakasleak «babesgabe» uztea: «Hezkuntza Sailak beste alde batera begiratzen du, edo irakasleoi irekitzen dizkigu espedienteak». 

Plentziako zentro horretan ez ezik, Euskal Herriko beste ikastetxe batzuetan ere arazo bera dagoela nabarmendu dute, eta ohartarazi «gero eta oztopo handiagoak» dituztela nerabeak hezteko. Hala, instituzioei mintzatu zaizkie, eta exijitu diete «lan baldintzak eta babes neurriak» hobetu ditzatela.

LAB sindikatuak mobilizazioarekin bat egin du, eta Hezkuntza Sailaren jarrera salatu du: «Sailak langileak babesteko duen ardurari uko egiteaz gain, erasoa pairatu dezakeen langilearen jarduna zigortzeko hautua egitea ohikoa bihurtzen ari da, askotan langilea bera jasan duen erasoaren erantzule eginez». Sindikatuak ere zenbait neurri hartzeko eskatu dio sailari; besteak beste, prebentzio plangintzak, mediku azterketak eta azterketa psikosozialak eskaintzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA