Nazio ikuspegitik «une eta agertokiezin hobean»dago Euskal Herria pasa den igandeko hauteskundeen ondotik, Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren arabera. «Haizea alde datorkigu Quebec, Eskozia eta Kataluniatik erabakitzeko eskubidea gauzatze aldera urrats erraldoia egiteko», erantsi du. Hori dela eta, autodeterminazioari buruzko eztabaida eta herri kontsulta ezin direla gehiago atzeratu esan dio Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiari. «Autodeterminazioaren inguruko proposamenak ezin du 2015. urtera arte itxaron».Ohartarazi duenez, EH Bilduk estatus berrirako proposamena mahai gainean jarriko du, luze gabe.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzen inguruko balorazioa egiteko agerraldia egin du EAko buruak, eta oso egokitzat jo ditu EH Bilduk igandean lortutakoak. «Bozkalekuek argi eta garbi erakutsi dute herri honen gehiengo politiko eta soziala abertzalea dela». Gainera, emaitza horiek EAk indar metaketaren alde egindako apustua berresten dutela eta subiranotasun prozesuan «urrats garrantzitsua» direla azpimarratu du.
Hauteskundeek irekitako agertoki berrian, esparru juridiko-politikoa aldatzeko herritarrek egindako eskaerari erantzun beharko zaiola uste du Urizarrek.Hala, arlo horretan «aurrera begiratzea» ezinbestekoa dela esan du EAko buruak: « Arlo sozioekonomikoan ditugun beharrei ez ezik, bake eta normalizazio prozesuari ere heldu behar diogu, elkarbizitza normalizatua erdietsi ahal izateko».
Urizarrek dioenez, EAJk datorren legealdirako ezarri dituen lehentasunekin bat egiten du EH Bilduk eta krisialditik irteteko, bizikidetza normalizatua lortzeko eta estatus juridiko-politiko berria lortzeko lan egingo du koalizioak. Alderdi guztien proposamenak aztertuko ditu koalizioak eta jarrera «eraikitzailea» izango du akordioak lortzeko.
Zabaleta, akordioen alde
Era berean, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak adierazi du bozen ostean «itun zabalak» egiteko unea dela «oinarrizko gaietan», hau da, langabezia, bakea eta erabakitzeko eskubidearen gainean. Halaber, Legebiltzarrean indar politiko guztiek parte hartzeko aukera izango duten Egiaren Batzorde bat sortzearen alde agertu da.
Urizar: «Autodeterminazioak ezin du itxaron 2015. urtera arte »
EAko idazkari nagusiak dio bozen ostean estatus politikoa aldatzeko eskaerari erantzun beharko zaiola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu