Urizar: «Legearen barruan bere ibilbidea egiten ari da Bildu»

Koalizioko independenteek bide baketsuen aldeko jarrera irmoa agertu dutela berretsi du

Erredakzioa
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
«Bildu hauteskundeetan izango da baldin eta auzitegiaren erabakia arrazonamendu juridikoetan oinarritzen bada». Pello Urizar EAren idazkari nagusiak argi du Espainiako legediak eskatutakoa betetzen ari dela koalizioa. «Legearen barruan bere ibilbidea egiten ari da Bildu». Halaber, ukatu egin du Bildu «Batasunaren B plana» denik, eta koalizioa sortzeko Batasuneko kideekin bildu denik. «Argi izan dugu beti ezker abertzalearekin, Batasunarekin edo Sorturekin hauteskundeetarako akordiorik egin nahi bagenu, soilik Sortu legezkoa izanik egingo genukeela», nabarmendu du.

Espainiako RNE irratiri eskainitako elkarrizketa batean koalizioaren zerrendetan azaltzen diren independenteen defentsa irmoa egin du Urizarrek. «Pertsona askok zerrendetan aurkeztea erabaki dute hau zelako formula egokia, eta ez beste bat; alegia, bide politiko, zibil eta baketsuetatik aritzeko konpromisoa argia duelako Bilduk, eta Euskal Herrian ireki den garai berrian pluraltasuna eta ezberdinen arteko batuketa beharrezkoa dela uste dutelako. Printzipio horiekin jarrera argia duten pertsona esanguratsuak dira independenteak».

Hori hala, Espainiako Gobernuak koalizioaren zerrendak inpugnatzeko bidea ireki izana kritikatu du Urizarrek. EAren idazkari nagusiaren arabera, PPren presioa dela eta, PSOEren gobernuak «antzerkia eta indar erakustaldia» egin behar du Madrilen.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak, berriz, Espainiako Gobernuaren ardura maila gutxitu eta Bilduren auziaren inguruan erabaki dezakeen «bakarra» Espainiako Justizia dela adierazi du. «Ez da epaileei nola jokatu behar duten esateko unea», gaineratu du PPren kritikei erantzunez.

EAJren jarrera ere kritikatu du PSE-EEk, legebiltzarkide taldearen barne buletin batean. «PP bezala, EAJ zarata sortzen ari da alderdi sozialista ahultzeko eta hauteskundeetan etekinak lortzeko. Terrorismoa amaitu eta aukera guztiak politikan parte har dezaten, beharrezkoa izango da demokraton batasuna. Horrek ekarri gaitu egungo egoerara», nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.