Urkijo: «Arrakasta ziurtatu behar da Bildu legez kanpo jartzea planteatu aurretik»

Alonsok, berriz, Bildun eta Sortun «egunero» ikusten ditu haiek debekatzeko moduko zantzuak

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
PP alderdiaren barruan hainbat ordezkarik uste dutenaren aurka, EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urkijok deritzo «astiro eta kontu handiz» ibili behar dela Bildu edo Sortu debekatzeko ekinbideak aurrera eramateko orduan. Urkijoren arabera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak «marra gorri argiak» ezarri zituen Sortu legeztatu zuenean, eta horiek «zaindu» behar dira.

«Arrakasta ziurtatu behar da Bildu legez kanpo jartzea planteatu aurretik», esan zuen atzoEspainiako Gobernuaren ordezkariak. «Nahikoa zantzu eduki behar dira esku artean, auzitegian legez kanpo uzteko proposamenak aurrera egingo duela ziurtatzeko, eta demokraziak porrot egin eta horrek bumeran efektua izan ez dezan».

Auzitegi Konstituzionalak ezarritako «marra gorriak» gogora ekarri zituen, eta EspainiakoGobernuak irizpide horiek «ondo kontuan» hartuak dituela ziurtatu zuen.

Urkijorentzat, dena den, «begi bistakoa da» marra horiek gainditu dituztela Bilduko hainbat ordezkarik, baina, halere, «behar beste zantzu eskuratu behar dira, justizia auzitegiek legez kanpo utzi beste erabakirik hartzeko aukerarik izan ez dezaten». Bestela, «demokraziaren porrota» izango litzatekeela uste du; «eta horrek jasan ezingo genukeen bumeran efektua eragin lezake», ohartarazi du.

«Irmo erantzun»

Debekatzeko prozesua «irabaziko delako ziurtasunarekin» hastearen aldekoa da Alfonso Alonso ere, «hanka sartzea litzatekeelako prozesu bat nahikoa garantiarik gabe hastea». Baina Alderdi Popularraren Espainiako Kongresuko talde parlamentarioko bozeramailearen iritziz, Sortuk eta Bilduk «egunero» erakusten dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalak haiek legez kanpo uzteko aipatutako «jokabideak».

«Egunero ikusten ari gara Bilduko ordezkariak eta Sortuko kideak Auzitegi Konstituzionalak aipatutako jokabide okerrak egiten ari direla. Behin baino gehiagotan ikusi dugu hori», esan zuen herenegun Gasteizko alkatea izandakoak.

Alonsok esan zuen Espainiako Gobernua jokabide horiek aztertzen eta biltzen ari dela, eta debekatzeko prozesua hastea erabakiko balu «irmo» egingo lukeela: «Zantzuak badaude; horiek aztertu behar dira teknikoki eta politikoki, eta legez kanpo uzteko prozesua hasteko moduko pisua daukaten ikusi behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.