Urkullu ez dago urduri «inondik inora», hauteskundeak direla eta

Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, bera «estu hartzen» ari dira 2024ko bozak aurrera ditzan, baina legealdia bukatuko da «bukatzen denean». Ziurtatu du ez duela «inolako kezkarik» EH Bilduk eta PSOEk duten harremana dela eta.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Arantxa Tapia sailburua, Japonian egiten ari diren bidaiaren ekitaldi batean. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2023ko urriaren 17a
10:33
Entzun

Azken asteetan, bat baino gehiago izan dira 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen egunari erreparatu dioten adierazpenak alderdi politikoen ordezkarien artean, eta, haiek aintzat hartuz, gero eta indar handiagoa hartzen ari da ekain-uztailetarako beharko luketen bozak aurreratu egin daitezkeelako ustea, martxora adibidez. Bada, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan du hauteskunde horietara deituko duela «une egokia» dela uste duenean; «baina lan asko dugu egiteko», erantsi du, Japonian egiten ari den bidaiaren barruko agerraldi batean.

Izan ere, hauteskunde aurrerapenaren ustea zabaltzea beste eragile batzuen bizkar utzi du. Urkulluk uste du bera «estu hartzen» ari direla 2024ko bozak aurrera ditzan. Edonola ere, Urkullu ez dago urduri, «inondik inora», Legebiltzarrerako hauteskundeak direla eta. «Batzuek hori helarazi nahi diote gizarteari, baina oso lasai nago, bakarrik lehendakari bezala dudan arduran jarrita baitaukat arreta». Gaineratu du indarrean dagoen legealdia bukatuko dela «bukatzen denean». «Kudeaketan eta Eusko Jaurlaritzaren lidergoan buru-belarri sartuta nago; niri dagokit jasotako arduraren eginbeharra, eta ez daukat beste kezkarik».

EAJk ez du abiarazi oraindik haren lehendakarigaia aukeratzeko prozesua, eta Urkulluk gogoratu du badirela dagoeneko beste alderdietako hautagai batzuk, «hauteskunde aurrerapenaren aurreikuspena egin dutelako». Jaurlaritzako buruak erantsi du ez dakiela «interpretazio horien oinarria» zein den: «Lehendakariak Legebiltzarra desegingo du, eta hauteskundeetara deituko du unea iritsi dela uste duenean, jakinda lan asko geratzen zaigula egiteko». Tramitazioan badirela «proiektu garrantzitsuak» gogorarazi du. Horien artean, Hezkuntza Legearena da garrantzitsuena.

EH Bildu-Sanchez argazkia

Batera edo bestera, Gasteizko gobernuburuak uste du «deigarria» dela «gertatzen ari den eztabaida» bozen deialdiari begira. «Ustezko tentsio bat helarazten ari dira, Jaurlaritzan eta Lehendakaritzan legokeen ustezko urduritasuna». Urkulluk dio «giro politiko eta sozialarekin» bera estutzen saiatzen ari direla, baina ez duela bere burua estu hartuta sentitzen.

Espainiako gobernu bat eratzeko negoziazioen inguruan, berriz, Urkulluk garrantzia kendu dio aurreko astean EH Bilduko eledunek eta Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak eskaini zuten argazkiari. Otegik esan du argazki horrek «beste aro politiko bat» islatzen duela, «nahiz eta batzuek eta besteek ez duten hori nahi».

Bada, Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, ez dago «aro politiko barri bat» EH Bilduren eta PSOEren arteko harremanetan. Harreman hori «2000ko hamarkadan hasi» zela uste du, Jose Luis Rodriguez Zapatero Madrilgo gobernuan zegoela. «Orduan hasi zen fase politiko bat, Jose Maria Aznarrekin egon zena eta gero, uharteetatik penintsulara hark egindako preso hurbilketarekin, Genevan egon ziren elkarrizketen barruan».

Urkulluren ustean, «tarte politikoek bere ñabardurak dituzte», baina «gehiegizkoa» iruditzen zaio «egungo tarteari aro politiko esatea». Nolanahi ere, ziurtatu du ez duela «inolako kezkarik» koalizio abertzaleak eta PSOEk duten harremana dela eta.

Horiek horrela, PSE-EEk ere eman du iritzia aro politiko berri bat abiatu ote den, betiere Otegiren hitzei loturik. Idoia Mendia Jaurlaritzako lehendakariordeak esan dio EH Bilduko koordinatzaile nagusiari «Euskadiko fase politikoa 2011ko urrian» aldatu zela, ETAk atentatuak egiteari utzi zionean: «Hori izan zen mugarri bat euskal politikan eta Espainiako politikan, eta hori da daukagun aldaketa handia, ez argazki bat».

Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Mendiak ziurtatu du PSEk eta EH Bilduk harreman «normalizatua» dutela gaur egun. Eusko Legebiltzarrean, «akordio gurutzatuak» lortzen direla azaldu du, «indar politiko guztien artean, baita PPrekin ere, nahiz eta Madrilgo beren alderdikideei beste gauza bat esaten dieten». Eta zenbait udaletan ere, «EH Bildurekin akordioak» egiten direla erantsi du PSE-EEko kideak.

Ortuzarrek nahi duen «jauzia»

EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek, berriz, Madrilen izaten ari den negoziazioari buruz hitz egin du, Pedro Sanchez bihur dadin atzera Espainiako presidente. TVEn egindako elkarrizketa batean, EAJko buruak garbi esan du Sanchezek «zehatz-mehatz» bete behar duela «oraindik zain dagoen» transferentzien prozesua. Euskal autogobernuan «jauzi bat» gertatzea nahi du Ortuzarrek, aurreko legealdian sortutako «itzalak uxatzeko». Modu horretan jasoko luke Sanchezek EAJren babesa bere inbestiduran, eta hortik harago ere bai, beharbada.

Jeltzaleen burua ez dago ados Kataluniako prozesuarekin lotutako amnistiari «ematen ari zaien izaera merkantilistarekin»; alegia, soilik zazpi boto lortzeko truke hotza delako ustearekin. Neurri hori «oinarrizkotzat» jo du «prozesu demokratiko bat egon dadin» eta Kataluniak «zauriak osa ditzan». Nolanahi ere, Ortuzarrek esan du «oraingoz» ez dela harreman gehiago egon PSOEren eta EAJren artean, Madrilgo gobernua eratzeko negoziazioaren barruan. Gogoratu du EAJko Kongresuko eledun Aitor Estebanek «proposamen zehatz bat» egin diola Sanchezi: «Ezagun zaharrak gara. EAJ izan zen lehen alderdia 2019ko Sanchezen inbestidura erabakitzen eta iragartzen. Beraz, ia lau urteko ibilbidetik gatoz harreman horretan».

Eta ibilbide horretako hurrengo mugarriak zein beharko lukeen ere helarazi du: «Azken urte hauetan zain geratu diren konpromisoak mahai gainean jartzea eta segurtasunak nahiz egutegiak egotea haiek betetzeko». Autogobernuan «jauzi bat» ikusten du EAJk «ortzimugan», «Euskadi delako erkidego bakarra bere estatutua berritu gabe duena eta osatu gabe duena ere». Hori esanda, euskal indar politikoen arteko elkarrizketa behar dela gaineratu du, baina baita «Euskadiren eta Madrilen artekoa ere», jauzi hori gerta dadin «autogobernuaren estatus berri baterako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.