Urkulluk autogobernuaren defentsan «porrot» egitea leporatu dio Patxi Lopezi

Erredakzioa
2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Autogobernuaren defentsan «porrot erabatekoa» egitea egotzi dio Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak Patxi Lopez lehendakariari. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Auzitegi Konstituzionalak botikak berrordaintzearen inguruan emandako epaia onartuko duela adierazi eta gero egin dio kritika hori Urkulluk lehendakariari. EAJko buruak salatu du Lopezek bere burua autogobernuaren defendatzaile bakartzat jotzen duela, baina, haren ustez,defentsa horretan «kale egiten du». Urkulluren aburuz, Jaurlaritzak Espainiako Gobernuak onartutako hainbat murrizketari helegiteak aurkeztu badizkio ere, lehendakariak ez du ekimenik izan autogobernuan sakontzeko, eta Konstituzionalak erabakia hartzeko zain egon da, ezer egin gabe. «Inprobisatu egiten du une oro».

Euskal gizartearen aurrean «gardentasunez» eta «erantzukizunez» jokatzeko eskatu dio Urkulluk Lopezi, eta, besteak beste, legealdia lehenbailehen amaitu, eta hauteskundeetara dei dezala galdegin dio: «Euskal gizarteak ez du zertan egon kanpainaurrean, gaurtik datorren urtera arte. Ez dugu merezi hil zorian dagoen legealdia ahitzen uztea».

Bozak udazkenean

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak aurreratzeko eskariarekin bat egin du, halaber, Rikardo Gatzagaetxeberria EAJko legebiltzarkideak. Areago, ziurtzat jo du bozak urriaren amaierara edo azaroaren hasierara aurreratu egingo direla. Gabonetarako gobernu berria egongo dela uste du EAJkoak: «Hauteskundeak aurreratu egingo dira, lehendakariak ez duelako egonkortasuna emango dion gehiengorik, eta ezin izango dituelako aurrera atera ez aurrekontuak eta ez antzeko proiektu garrantzitsuak ere ». Gobernatzeko baldintza «ezin okerragoan» dago Lopez, EAJkoaren irudiko, EAE atzeraldi ekonomikoan egoteaz gainera, PPrekiko zuen ituna hautsita duelako.

PPko legebiltzarkide Carmelo Barriorentzat ere ezinbestean aurreratu beharko dira EAEko hauteskundeak, egoerak hala eskatzen duelako. «Bozak aurreratzea litzateke egokiena eta zentzudunena», adierazi du. PPkoak ez die etorkizun handirik ikusten Legebiltzarrean tramitatzen ari diren lege egitasmoei, eta garrantzitsua deritzo euskal gizarteak bozkalekuetan hitz egiteari.

Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkidearen aburuz ere Legebiltzarra desegin beharko luke Lopezek, eta bozetara deitu. Haren ustez, azken urteetako egoera ekonomiko eta sozialik «zailenean» bizi da EAE, eta ezinbestekoa da beste gobernu bat eratzea lehenbailehen, egoerari buelta emateko. Deitoratu egin du PSE kanpaina egiten ari izana hauteskunde deialdiarekin, murrizketak direla-eta autogobernuaren defendatzaile gisa aurkezten ari delako gizartearen aurrean.

ELAren ustetan, berriz, udazkenerako aurreratuko ditu Lopezek hauteskundeak. Adolfo Muñoz idazkari nagusiaren irudiko, Lopezek Espainiako Gobernutik datozen murrizketak ezarri beste aukerarik ez du izango, eta, horri aurre egiteko, bozetara deitu beharko du, hurrengo gobernuak kudeatu dezan egoera.

Egoerari buruzko oso bestelako ikuspegia du Txarli Prieto Arabako PSEko idazkari nagusiak. Legealdia amaitu eta hauteskundeetara dagokion garaian deitzearen aldekoa da Prieto. Haren ustez, Patxi Lopezen gobernuak «egonkortasun handiz» jardun du PPrekin izandako itunari esker eta beste taldeekin lortutako adostasunari esker; beraz, ez du arrazoirik ikusten bozetara orain deitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.