Urkulluk dio «euskal estatu gehiago» sortzeko bidea ireki duela egungo egoerak

Espainiako Gobernuarekin beste eskumen partida bat negoziatzen ari dela jakinarazi du EAJkoak

Juan Mari Atutxa eta Iñigo Urkullu, Sabino Arana Fundazioaren egoitza berrian, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Abertzaletasunaren historiari errepasoa egin, EAJk azken hamarkadetan egin dituen apustu esanguratsuenak aipatu, eta «etorkizunari begiratzeko unea» dela esan du Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak. «Gaur, berriz ere, une historiko, erabakigarrian gaude». Euskal politikagintza esperantza eta ilusiorako «garai berrian» murgilduta dagoela uste du EAJko buruak. Eta, bere alderdiak adierazi du «euskal nazioaren etorkizunerako itxaropenei modu eraikitzailean» erantzungo diela. Abertzaletasunak egindako lanari esker Gernikako Estatutua adostu izana gorarazi ondoren, «Euskadik urrunago joan nahi du», ebatzi du Urkulluk. «Egungo egoera politikoak euskal estatu gehiago sortzeko aukera irekitzen digu».

Sabino Arana Fundazioaren Goaz egoitza berria inauguratzeko ekitaldian esan ditu horiek Urkulluk, Utopia gertagarriak izeneko hizketaldian. Aurrera egiteko gakoa akordioa dela esan du, orain arte EAJk lortutako aurrerapenak bide horretatik egin dituela nabarmenduta. Oraingoan, ordea, orain arteko akordioak baino «integratzaileagoa» izan behar duela ohartarazi du. «Euskadiren oraina sendotu eta geroa argituko duen akordio berria behar dugu». Urkulluren hitzetan, indarkeria betirako gainditu nahi duen gizarterentzat «bultzagarri handia» izango den akordioa behar da.

EAJ garai berriari aurre egiteko prestatuta dagoela dio. Pentsatua du nola jokatu: Ados proiektua oinarri hartuta. «Hori da garai honi egingo diogun ekarpena», esan du. Proiektuaren ildo nagusiak ere laburbildu ditu, besteak beste Juan Jose Ibarretxe eta Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Ana Madariaga Batzar Nagusietako presidentea beste 200 bat lagunekin entzuten zirela: «Adosek autogobernuaren alde, internazionalizazioaren eta parte hartzearen alde egiten du». Diagnosia egin zuen iaz, proiektua zabaldu eta ekarpenak jasotzen ari da orain, eta 2013an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ditu jomuga.

Azaldu duenez, akordioa du oinarri proposamenak: euskal herritarren artekoa, eta Espainiako Gobernuarekin egin beharrekoa.

EAJk Espainiako Gobernuarekin egindako akordioei esker, Gernikako Estatututik bete gabe zeuden zenbait eskumen eskuratzea lortu duela ohartarazi du Urkulluk. Gainera, asteazkenean bertan Espainiako Gobernuarekin beste eskumen partida bat transferitzea negoziatzen egon zela jakinarazi du: «Argia laster ikusiko duela espero dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.