Urkulluk dio ez duela Revillarekin hitz egin Jaurlaritzaren neurri murriztaileez

Lehendakariak «harridura» helarazi dio Kantabriako presidenteari, «zabaldutako informazioarengatik»

Miguel Angel Revilla eta Iñigo Urkullu, iazko ekainean, Muskitzen (Bizkaia). MIGUEL TOÑA / EFE
Ion Orzaiz - Edu Lartzanguren
2021eko maiatzaren 5a
10:44
Entzun

Espainiako Gobernuak alarma egoera bertan behera utzi ostean ezarri beharreko neurri murriztaileak jasoko dituen dekretua prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza. Oraingoz, ez da neurrioi buruzko datu zehatzik zabaldu, baina, atzo, Kantabriako Gobernuko presidenteak aurreratu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan itxiera perimetralari eusteko asmoa zuela Jaurlaritzak. Iñigo Urkullu lehendakariarekin izandako solasaldi batean lortu ei zuen informazio hori.

Atzo zabaldutako informazio hori gezurtatu nahi izan du Lehendakaritzak, gaur. Ohar batean, adierazi dute Urkullu lehendakariak ez duela Revillarekin hitz egin «maiatzaren 10era begira Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den dekretuak jasoko dituen neurriei buruz».

Urkulluk esan du berak ez duela inolako elkarrizketarik eduki Revillarekin, eta hark atzo esandakoekin «harrituta» dagoela gaineratu du. Agintari kantabriarrarekin harremanetan jarri dela esan du, gertatutakoaz hitz egiteko.

Revillak atzo adierazi zuen Kantabria zabalduko duela Espainiako Gobernuak igandean alarma egoera altxatzen duenean, baina Urkulluk mezu bat bidali ziola esanez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa itxita egongo direla aurrerantzean ere. Revillak mezuaren xehetasunak zabaldu zituen: haren arabera, Urkulluk adierazi zion arriskutsua izango zela mugak zabaltzea, bi norabideetan egunero mugitzen den jende kopuruarengatik.

Kontraesana sortu dute Revillaren adierazpenek Eusko Jaurlaritzan.

Idoia Mendia bigarren lehendakariordeak gaur goizean gaitzetsi egin du Miguel Angel Revilla Kantabriako (Espainiako) presidentea, Urkullurekin edukitako elkarrizketa pribatu batean esandakoak zabaltzeagatik. «Gaizki deritzot. Uste dut presidente batek zurekin elkarrizketa pribatu bat baldin badu diskrezioa gorde behar duzula. Diskrezioa politikan ez da gardentasunaren aurkakoa, eta gauza asko bermatzen ditu. Alde horretatik, ez zait ongi iruditu, baina Revillaren oso estilokoa izan da».

Atzo berretsi zuen Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 9an Espainiako Gobernuak alarma egoera luzatzen ez badu Jaurlaritzak berak ezarriko dituela neurriak, besteak beste mugimendua, gaueko ordutegiak eta biltze eskubideari dagozkionak. Espainiako Gobernuak alarma egoera luzatu ezean, etzi aurkeztuko du dekretua Jaurlaritzak, datorren astelehenean, maiatzak 10, indarrean sartzeko. Baina Jaurlaritzak ez zuen argitu zer moduko neurriak hartuko diren.

Juristen artean ere badago eztabaidarik Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak askatasunak mugatzeko har ditzaketen neurrien inguruan. BERRIAk hainbat zuzenbide aditurekin hitz egin du, eta batzuek ez dute uste gobernu autonomoek halako erabakiak hartzeko ahalmena dutenik alarma egoerarik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.