Urkulluk dio segurtasun indarrek «gardenago» jokatu beharko luketela

Atxiloaldietan «inpunitaterako tarterik» egon ez dadin neurriak hartzeko eskatu du EAJko buruak

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Estatuko segurtasun indarrak hizpide hartu zituen atzo EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari Iñigo Urkulluk, egiten dituzten atxiloketetan opakotasunak daudela adierazteko. Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan aipatu zituen Urkulluk polizia operazioak egiterakoan segurtasun indarrek erakusten dituzten gardentasun gabeziak, joan den astean atxilotutako ETAko ustezko lau kideek egin dituzten tortura salaketen harira.

EAJko buruzagiak esan zuen tortura salaketak aireratzen direla gisa horretako polizia operaziak egiten diren aldiro, eta horregatik, gaineratu zuen, atxiloketen inguruko «ekintza guztiak» ahalik eta «gardenen» egin behar direla.

Urkulluk esan zuenez, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak «aspaldi hartu zituen opakotasunezko tarteak saihesteko neurriak», eta Estatuko segurtasun indarrek ere gauza bera egin beharko luketela iritzi zion. «Espainiako segurtasun indarrek neurriak hartu beharko lituzkete atxiloketetan gardenago izateko eta gerta litezkeen balizko inpunitate tarteak eragozteko», adierazi zuen EAJko buruak.

Atxiloketen nahitakotasunaz

Urkulluk ez zituen zuzenean lotu azken atxiloketak eta Sorturen legalizazio prozesua, baina aipatu zuen «gogoeta» egin daitekeela atxiloketarako informazioari buruz, alegia, informazio hori oraingoa edo aurretikakoa den, eta aurretikakoa baldin bada zergatik ez diren atxiloketak lehenago egin. ETA su-etenean dela, atxilotutako ustezko kideak atentaturen bat prestatzen ari ei zirela zabaldutako datuak ere gogoetarako gaia dela esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.