Euskara, autogobernua eta «Euskadik Europako Batasunean parte hartzea» dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «Euskadiren etorkizuneko proiekturako» planteatu dituen zutabe nagusiak. Etzi eginen den Politika Orokorrari buruzko eztabaidan horietaz mintzatuko den arren, atzo zabaldu zuen bere solasaldiaren laburpena.
Euskarari dagokionez, dokumentuak dio Jaurlaritza Euskararen Sustapenerako Ekintza Plan berria garatzen ari dela, eta legealdia amaitu baino lehen onartuko dutela. Plan berri horrek zehaztuko du zein izanen den «hurrengo hamar urteetan hizkuntza politikak hartu behar duen norabidea», eta Euskararen Aholku Batzordean lantzen ari dira.
Autogobernua «orainaren eta etorkizunaren giltzarria» dela dio Urkulluk, baina «azken urteetako balantzea gazi-gozoa» dela. Alderdi positiboen artean nabarmendu du Autogobernuaren Batzordearen barruan aurrerapenak egon zirela estatutua erreformatzeko —legealdi honetan gelditu direnak—. Hala ere, «ez ziren nahikoak izan arau akordio bat lortzeko, baina ziur nago funtsezkoak izango direla etorkizuneko adostasunei eusteko».
Alderdi negatiboez ere mintzo da Urkullu; «autogobernua higatzeko baliatzen diren bideak eta moduak askotarikoak» direla dio. Zehazki, bost adibide emanen ditu. Lehenbizikoa «[Espainiako] Estatuaren araugintza hegemoniaren zabalkundea» da. Espainiako Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziari buruzkoa da bigarrena; lehendakariaren erranetan, «gero eta murriztaileagoa da, eskumen autonomikoen kaltetan». EAE Euskal Autonomia Erkidegoak Europako Batasunean duen parte hartzea Espainiak «bultzatu» behar duela dio Urkulluk, «autogobernuaren berezko ezaugarri argia» delako. Euskaraz mintzo da laugarren adibidea: «Ezin dugu alde batera utzi azken urte hauetan auzitegi batzuek daramaten ekinbide tematsua euskararen inguruko administrazio jarduerak etengabe zalantzan jarriz. Euskara, Gernikako Estatutuaren 6. artikuluaren arabera, bi hizkuntza ofizialetako bat da». Egiteko dauden transferentziak «osorik ez onartzea» ere salatuko du Urkulluk.
EBn parte hartzea da «Euskadiren etorkizuneko proiekturako» azkeneko zutabea. Urkulluk dio «Euskadik Europako Batasunean parte har dezan lanean» ari direla: «Eusko Jaurlaritza lehen lerroan dago Ardatz Atlantikoaren interesen defentsan Europan. Eskualde eta nazio atlantikoek zuzenean parte hartzen duten ekimen bat sustatzen dugu, trantsizio hirukoitza (berdea, digitala eta soziala) aurrera eramateko». Europako Atlantikoko lurraldeetako erakunde eta eragileekin aliantzak egiten ari dira, «makroeskualde atlantikoaren proposamena» dutela ardatz. «Gure autogobernuaren osasuna eta nazioartekotzeko dugun gaitasuna funtsezkoak izango dira gure herriaren etorkizunerako», borobildu du.
Balantzea
Etorkizuneko ikuspegia hitzaldiaren hiru zutabeetako bat bertzerik ez da izanen. Lehenbiziko bi ataletan nazioarteko eraldaketa ekonomikoen, sozialen eta politikoen azterketa, eta Jaurlaritzaren konpromisoen balantzea eginen ditu lehendakariak. Hala, gogoratuko du legealdia hasi zutela pandemiarekin eta Ukrainako gerrarekin. Hala ere, gizarteak «aparteko garai» horri aurre egin diola dio: «Kostua oso handia izan da (humanoa, emozionala eta sozioekonomikoa), baina gainditzen ari gara».
Legegintzaldian 36 lege proiektu onartzea aurreikusten zuten, horietatik 34 onartu ditu gobernu kontseiluak, eta legebiltzarrera zuzendu; falta direnak onartzeko zain daude. Horrez gain, Eusko Legebiltzarrak 35 lege onartu ditu legegintzaldian. Horien %67 oposizioko talderen bateko aldeko botoarekin eta %17a abstentzioarekin. «Datu horrek agerian uzten du badagoela borondate bat, etengabe, adostasunak estuago lotzeko; alegia, Jaurlaritza babesten duten legebiltzar taldeek ordezkatzen duten gehiengo osotik harago», dio lehendakariak.
Jaurlaritzak planteatutako hamar helburuez ere mintzatuko da. Zehazki, horietako biren inguruan: jaiotza tasak %10 handitzea eta energia berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren %20 izatea. «Emaitzek erakusten dute beharrezkoa dela arlo horietako politika publikoak indartzen jarraitzea».
Urkulluk «etorkizuneko proiektuen» ardatzean ditu autogobernua eta euskara
Ostegunean eginen da Politika Orokorrari buruzko eztabaida, eta Urkulluk autogobernu arloko urratsen «balantze gazi-gozoa» egingo du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu