Urkulluk «gobernantza partekatuko eredu bat» ezartzeko eskatu dio Sanchezi

Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Gobernuko presidenteari galdegin dio aintzat har dezala Jaurlaritzak osatutako «normaltasun berrirako trantsizio plana». Nafarroan, berriz, gobernuak «trantsiziorako batzorde» bat osatuko du, gizarte zibileko hainbat eragileren ikuspuntua jasotzeko.

Urkullu, gaur goizeko bideokonferentzian. IREKIA
jon olano
2020ko apirilaren 26a
13:56
Entzun

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez bideokonferentzia bidez batzartu da autonomia erkidegoetako presidenteekin, koronabirusaren izurriak eragindako osasun krisiari aurre egiteko; tartean izan dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Maria Txibite Nafarroako Gobernukoa.

Urkulluk «gobernantza partekatuko, koordinazioko eta erantzukidetasunezko eredu bat» aplikatu behar dela adierazi du. Eredu horrek «oinarri komun partekatuak» izan behar ditu, «errealitatera egokituta» egon behar du eta «autogobernua errespetatu» behar du. Atzo, Sanchezek iragarri zuen konfinamendua leuntzeko plan bat aurkeztuko duela asteartean ministroen kontseiluan, eta fase hori «mailakatua» eta «asimetrikoa» izango dela.

Testuinguru horretan, Urkulluk gaur eskatu du Eusko Jaurlaritzak egindako «normaltasun berrirako trantsizio plana» aintzat hartzeko, eta bertan jasotako bi neurri azpimarratu ditu: batetik, merkataritza jarduera pixkanaka irekitzeko proposamena, elikagai saltokien muga berekin; bestetik, udari begira «eragin sozialik handiena» duten gaietarako irizpideak partekatzea proposatu du, hala nola kultura jarduera, herri ekitaldiak, jarduera fisikoa eta kirola, eta hondartzen eta igerilekuen kudeaketa.

Zehazki, «irizpide gehiago eta agindu gutxiago» emateko galdegin dio Sanchezi, eta Alemaniaren «erabakitze partekatuko eredua» jarri du adibide gisara, argudiatuta hark «irizpide orokorrak partekatzen» dituela, landerren eskumenak errespetatuta.

Txibite, eskoletara itzultzeko eske

Bileraren ostean, prentsaurreko bat eman du Maria Txibitek, Nafarroako Gobernuak bideokonferentzian aipatutakoak azaltzeko. Batetik, konfinamendua leuntzeko Sanchezek atzo xehatutako planteamenduarekin bat egin du Txibitek: «[Espainiako Osasun] Ministerioak ezarriko du marko orokorra, eta Nafarroak kudeatuko du fase asimetriko hori, gure osasun errealitatea eta soziala kontuan hartuta. Ardura partekatuak eta lidergo partekatuak bateragarriak dira».

Txibitek azaldu du konfinamendu aldiko sei asteotako «esfortzuak merezi» izan duela, eta horren adierazle direla datuak, baina lanean jarraitu beharra dagoela konfinamendua «zuhurtziaz eta jendearekiko konfiantzaz» leuntzeko: «Ikasi behar dugu birus honekin bizitzen, oraingoz ez baitago txertorik. Asko dugu ikasteko». Txibitek jakinarazi duenez, «trantsiziorako batzorde» bat osatuko dute Nafarroan, gizarte zibileko hainbat sektorerekin biltzeko eta hemendik aurrerako pausoak mahai horretan partekatzeko.

Bestalde, Sanchezi bileran eginiko eskaeren berri ere eman du lehendakariak: batetik, nekazaritzan diharduten langileen mugikortasuna bizilekuko udalerrira edo ondokora mugatuta zegoen, eta mugikortasun hori Nafarroa osora zabaltzeko eskatu dio Txibitek. Bestetik, ikastetxeetara modu presentzialean itzultzeko aukera azter dezala galdegin dio, «lotura emozional eta sozialari» eusteko, betiere osasun baldintzek hala ahalbidetzen badute. Eskakizun horri lotuta, Txibitek ez du eperik zehaztu, eta argi utzi du eskumena Espainiako Gobernuari dagokiola.

Azkenik, gastu araua malgutzeko eskatu du, tokiko erakundeek superabita erabili ahal izan dezaten krisiari aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.