EAJ. Eusko Jaurlaritzako lehendakarigaiaren hautaketa

Urkulluk «hunkituta eta ilusioz» jaso du lehendakarigai izendapena

EAJren Aberri Batzarrak aho batez onartu du Iñigo Urkullu lehendakarigai izendatzea; «adore eta lan guztia» agindu du hautagaiakHautagaiak «30 urtetan funtzionatu duen proiektuarekiko fedea berreskuratu» nahi du

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
«Ohorea» eragin dio EAJk lehendakarigai izendatu izanak Iñigo Urkulluri. «Harrotasuna», «emozioa» eta «ilusioa». Hunkituta agertu da jendez lepo egon den Campos antzokiko eskenatokian: «Euskal herritar, abertzale eta Eusko Alderdi Jeltzaleko militante gisa, amestu nezakeen ohorerik eta saririk handiena da». EAJko afiliatu bakoitzari esker onak eman dizkio hargatik, behin eta berriz. Emandako «konfiantzagatik». Eta handia da eman diotena: aho batez onartu du lehendakarigai EAJren Aberri Batzarrak.

Urkulluk, jasotako konfiantzaren trukean, «adore, gogo eta lan guztia» emango duela agindu du. «Aberriaren eraikuntzara» bideratuko duela indar hori. Lehendakari ikusten du bere burua EBBko buruak. Atzotik, «bide berri baten hasieran» sentitzen da, eta alderdiaren hobe beharrez jardungo duela agindu du: «Ezagutzen nauzue, alderdia nire bizia da. Are gehiago gaurtik aurrera. Gure alderdiaren helburuak nire helburuak dira, eta izango dira». Aberriaren eraikuntza, garapena eta askatasuna izendatu ditu helburutzat.

Aurrera begira jarri aurretik, atzera begiratu du. «Hasierako hazia indartu» nahi duela adierazi du: «Euzkotarren aberria Euzkadi da. Hau da iturri zaharretik edango dugun ur berria».

Eredutzat dituen lehendakari ohi guztiak izendatu ditu; lehendakari jeltzale guztiak: Jose Antonio Agirre, Jesus Maria Leizaola, Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza eta Juan Jose Ibarretxe. Haien izaera eta lana goratu ditu, berak egin beharrekoari begira jartzeko: «Galdutako denbora berreskuratu behar dugu».

«Aberriaren bidegiletzat» dituen lehendakari haien «ereduaren aurrean apalik» azaldu da, haien hurrengoa izateko konpromisoak hartzeko prest.

Hautagaitza onartzea kosta egin zaiola esan du, hala ere, jendetzaren txaloek hainbatetan eten duten hitzaldian. Ondo hausnartu duela, eta «oso zaila» izan dela erabakia hartzea.

Garai berri baten atarian

Egungo egoera ere aipatu du hautagai gisa egindako lehen hizketaldian: «Garai berri baten atarian gaude». Ezker abertzalea jarri du garai horren erdigunean: «Orain, ezker abertzalea, amets gaiztoak atzean utziz, demokraziaren mundura etortzen ari da. Oraindik bidean daude, baina badatoz. Bazen garaia!». Ondorioz, guztiak «ezezaguna den lurralde berri batetan» sartzen ari direla esan du: «Soilik politikaren eta demokraziaren garaian». Eremu horretan «ideia guztiak libreak» direla dio; «helburu guztiak landu ahal dira, Euskadiren burujabetasuna barne. Garai berri horretan gaude». Eta, Urkulluren hitzetan, «demokraziaren bidetik» joanda, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakiko du.

Hautagaitzari dagokionean, «herritarrei egia esateko konpromisoa» hartu du, hori «deserosoa edo antipatikoa» izan arren. Bete ezin duen ezer ez duela aginduko ere hitz eman du. «Egin egingo dugu. Ekin egingo dugu. Hitz gutxiago eta ekintza gehiago».

«Lana, lana eta lana» egingo duela ere ziurtatu du, eta zintzotasuna izango dela bere «jarreren araua. Nire hitza ematen dut».

Urkulluren esanetan, krisi ekonomikoak eta «hirurteko beltzak» utzitako egoera iraultzeko unea da, eta horretarako, aldaketa beharrezkoa dela seguru dago. Eta «herriak» ere hori eskatzen duela. «30 urtetan funtzionatu duen proiektuarekiko fedea berreskuratu behar dugu!», aldarrikatu du EAJren agintearen itzulera. «Euskadi berpiztu behar dugu. Guri dagokigu, pertsonak eta baloreak oinarri hartuta».

Lana, sakrifizioa, familia

Tarte handia eman dio baloreak berreskuratzeko premia azaltzeari, jeltzaleen hasierako sustrairik zaharrenetara itzuliko balitz bezala. «Lana, sakrifizioa, aukerak bilatzea, aurreztea eta elkartasuna» aipatu ditu «Euskadiren balore irmoak» izendatzerakoan. Lanak hazi egiten duela esan du, eta horrek sakrifikatzea eskatzen duela. Aurreztea goratu eta «egunean egunean bizitzea» txarretsi. «Familiaren tradizio babeslea» aldarrikatu du.

Elkarrizketa eta akordioaren aldeko apustua ere egin du lehendakarigaiak; bai krisitik ateratzeko, bai «bake iraunkor eta justua irabazteko». Publiko eta pribatuaren arteko akordioa aldarrikatu du; instituzioak eta gizartearen artekoa; gizarte eragileekikoa; enpresekikoa. Alderdi politikoen arteko adostasuna ere eskatu du, «autogobernua akordio eratzaile berri batekin berritzeko».

Bakea lortzeari begira, elkarbizitza demokratikoa berreraikitzeko eta memoria duen gizarte justuan elkarbizitzeko eskatu du adostasuna. Burujabetzan eta autogobernuan sinesteko ere bai. Garai zailak datozen arren hori guzti hori egingo duela esan du Urkulluk, eta bere alderdia «euskal gizarteak jartzen duen lekuan» egongo dela, «beti».

Nazio askapenerako eta «Euskadi eraikitzeko» baliabide onena EAJ dela ere esan du, Lauaxetaren hitzak bere eginda. «Dana emon biar yako maite dan askatasunari. Egiteko prest nago. Zin dagit». Txalo zaparrada jaso du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.