Urkulluk iragarri du «oso gogorra» izan beharko duela bere aurrekontu proiektuak

Bilduk Mendekotasun Legearen ondorioak bere gain har ditzala eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari

Urkullu, alderdiekin egindako bilerak aztertzeko agerraldian. M. RAMIREZ / ARP.
Hodei Iruretagoiena
2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
EAJren lehendakarigai Iñigo Urkulluk jakinarazi du «oso gogorra» izango dela Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko duen aurrekontu proiektua. Urkulluk Radio Euskadin egindako elkarrizketan adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak orain dituen kontuen eta joan den urriaren 23an Finantzen Euskal Kontseiluak aurreikusitako diru sarreren arabera zehaztu beharko ditu aurrekontuak. Hain zuzen, espero baino diru sarrera gutxiago izan dute aldundiek aurten, eta hori nabarituko du datorren Eusko Jaurlaritzak.

Hala ere, Urkulluk adierazi du posible dela gizarte politikak—hezkuntza eta osasuna aipatu ditu— eta ekonomia biziberritzekoak mantentzea. Horretarako, administrazioa «argaldu» behar dela dio; besteak beste, publizitate gastuak, ohiko gastuak eta zenbait kargu murriztuz. Hitzartuta dauden zenbait azpiegitura proiektu ere atzeratu egin beharko direla esan du Urkulluk, eta jardunean den gobernuari eskatu dio ez dezala «gerora atzera botatzea zaila izango denerabakirik» hartu. Urkulluri erantzunez, jarduneko lehendakari Patxi Lopezek esan du ez duela hark aipatutako erabakien berri, eta ez duela urriaren 21eko hauteskundeak baino lehen aurreikusi gabeko kontrataziorik egingo.

Bizkaia eta Gipuzkoa

Bestalde, Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok (EAJ) ere onartu du «gordinak eta gogorrak» direla 2013ko aurrekontuen zenbakiak. «Lehentasunak jartzea eskatzen duen urte gogor baten hasieran gaude», esan du Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Herenegun aurkeztu zuen Bilbaok Bizkaiko aurrekontu proiektua: iaz baino 123 milioi euro gutxiago izango ditu kudeaketarako.

Beherakada hori saihestu zitekeela egotzi dio Bizkaiko Batzar Nagusietako PSE-EEren bozeramaile Iñaki Egañak, eta kritikatu du aldundiak zerga erreforma egin behar zuela diru sarreren gutxitzea orekatzeko: «Aldundia ez da begirale hutsa, eta hau aurreikusi beharra zegoen». Izan ere, Gipuzkoan baino gehiago jaitsi dira diru sarrerak Bizkaian; han, PSE-EEren laguntzarekin onartu zuen Bilduk zerga erreforma.

Antzeko ildotik, «beste erakunde batzuei jarraitzeko» eskatu dio Bilbaori Bilduk ere. Zehazki, Mendekotasun Legearekin Espainiako Gobernuak ezarritako murrizketei aurre egiteko diru sailak bere gain hartzeko eskatu dio, «beste aldera begiratu eta gaizkipasatzen ari diren pertsona guzti horiek laguntzarik gabe utzi beharrean». Izan ere, horixe egingo duela jakinarazi zuen joan den astelehenean Gipuzkoako Aldundiak. Bilbaok, ordea, onartu du Bizkaiko Aldundiak ezingo dituela bere gain hartu Espainiak ezarritako murrizketen ondorioak.

Gipuzkoan, berriz, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko neurririk hartu ez izana egotzi diote EAJk, PSE-EEk eta PPk aldundiari. EAJren bozeramaile Markel Olano kezkatuta agertu da, ekonomia biziberritzeko neurriak «desagertu» direlakoan. PSE-EEko diputatu Julio Astudillok ere «krisiaren aurkako benetako planik» ez izatea leporatu dio Bilduri.

Ogasun diputatu Helena Francok erantzun die aurrekontu proiektu osoa dela ekonomia biziberritzeko tresna, «gizarte politiketatik kulturaraino». Aralarreko Rebeka Uberak ere aurrekontu proiektua defendatu du: «Aberastasunaren birbanaketan, garapen sozial eta iraunkorrean sakontzen du». Aurrekontuak onartzeko, EAJ, PSE-EE eta PPrekin negoziatu beharko du Bilduk. Bitartean, herriz herri proiektua aurkezten jarraitzen dute.

Osoko zuzenketa Nafarroan

Nafarroako aurrekontu proiektuari, bestalde, osoko zuzenketa aurkeztu dio Bilduk. UPN ez dela aurrekontuak aurrera ateratzeko gai uste du koalizioak, eta salatu duherritarren gehiengoaren beharrei baino, «eskuinaren agindu ekonomikoei» egin diela men UPNk. PSNk gaur erabakiko du osoko zuzenketa aurkeztu ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.