Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak uste du «ziklo zaharra» itxi eta garai berrira egokitzeko «arazoak» izango dituela ETAk. «Inoiz hasi behar ez zuen eta zentzurik ez duen ziklo bat ixteko zailtasun ugari izango ditu», adierazi du Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. Urkulluk azaldu duenez, «oso zaila» izango da erakunde armatuko kideen gizarteratzea, «sufrimendua baino ez dutelako eragin». Era berean, uste du diktadura ondorengo urteetako jarduera «justifikatzeko» zailtasunak izango dituela ETAk. «Azken 33 urteetako existentziak ez du ezertarako balio izan».
Erakunde armatuaren balizko agiri batez galdetuta, buruzagi jeltzaleak adierazi du berak ez duela «espekulaziorik» egiten. «Indarkeriarik gabeko testuinguru bat zor dio ETAk gizarteari. Beste guztia espekulazioak dira». Urkulluren arabera, egoera horretara heltzeko alderdi politikoen lana baino garrantzitsuagoaizan da euskal gizartearen jarrera. Hala izanik ere, buruzagi jeltzaleak uste du ezker abertzaleak bere mesedean erabili nahi izango duela egoera berria. «Indarkeriarik gabeko sasoian bagaude, ez da Batasunari esker, baizik eta euskal gizarteak eskatu duelako», nabarmendu du.
Madrilekiko lotura
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuarekin duen harremanaz mintzatu da, halaber, Urkullu. «Etor litekeen indarkeriarik gabeko egoera baliatzeko, egonkortasuna eskaini diogu alor ekonomikoan, eta hala izan dadin arduraz jokatuko dugu», esan du.
Zapaterok eta Urkulluk elkarrizketa ugari egin dituzte azken hilabeteetan. Sei aldiz elkartu omen dira isilpean, azkena azaroaren 30ean, Moncloako jauregian, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroarekin batera. Bi alderdiek batera egin nahi dute «ETAren amaierako bidea», alderdi horietako iturriek zabaldu dutenez. ETAk armak utz ditzan, ezker abertzaleari «presio» egitea adostu omen dute, besteak beste.
Urkulluk uste du garai berrira egokitzeko «arazoak» dituela ETAk
EAJren buruzagiaren aburuz, indarkeriarik gabeko egoera gizarteari esker lortuko da, «eta ez Batasunari esker»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu