«Kezkatu zaitez, ahal badugu EAJ legez kanporatuko baitugu». Javier Ortega Smith Voxeko idazkari nagusiak Aitor Esteban EAJko diputatugaiari esan zion esaldi hori joan den larunbatean, La Sexta telebista kateak antolatutako eztabaidan, eta mehatxuak hautsak harrotu ditu Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpainako azken orduetan. Atzo, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak erantzun zion Voxi: uste du Santiago Abascalen alderdiaren jokabideak «gainditu» egiten duela «hauteskunde eztabaidaren joko zelaia».
Urkulluk ohar bat zabaldu zuen sare sozialetan, Voxen jarrera «intolerantea eta onartezina» arbuiatzeko. Urkulluk gomutan izan zuen Alderdien Legea sortu zutenekoa: «Orduan ohartarazi genuen hitzaurrean sarriago aipatzen zirela EAJ eta EA ETA baino, eta susmoa genuela egunen batean helburua izango zela nazionalismo demokratikoa legez kanporatzea, euskal erakundeak mutilatzea eta euskal gehiengo sozialari boto konbentzitua emateko aukera kentzea».
Urkulluk, ordea, Voxez harago zabaldu zuen kritika: «Espero nuen estatu mailako alderdiek [Voxi] erantzutea». Zehatzago, PPri eta Ciudadanosi galdetu zien alderdi horrekin dituzten hitzarmenez: «Horiek badira Espainiako Estatua uniformizatzeko estrategia komunaren zumeak, argi esan nahi diet ez dutela soilik EAJ edukiko aurrean; baita, lehen lerroan, Jaurlaritza ere». Beraz, «autogobernuaren alorrean eraikitako guztia desegiteko prest dagoen eskuin muturraren mehatxuaren aurrean», Jaurlaritzak eta lehendakariak «irmotasun demokratikoz» erantzungo dio «euskal autogobernuaren, bere erakundeen, alderdien edota euskal gizartearen sentsibilitate demokratikoaren aurkako eraso orori».
Bestalde, EAJko zuzendaritzak adierazi zuen «alderdi politiko batek beste alderdi bat ilegalizatu nahi izatea berez» dela «aldrebeskeria larria eta demokraziaren kontrako erasoa, batez ere ilegalizatzeko mehatxua jaso duen alderdiak bere sorreratik egin dituen 125 urteetan ibilbide orbangabea eskaintzen duenean, bereziki azken berrogei urteotan». Jeltzaleek «harrituta eta minduta» ikusi dute «alderdi politiko bakar batek ere» ez duela salatu Voxen asmoa.
Vox «zuritzeagatik» kritika
Ortega Smithen hitzak mintzagai izan zituen atzo Patxi Lopez PSE-EEren Bizkaiko zerrendaburuak ere, eta «lotsaizun demokratikotzat» jo zuen PPren eta Ciudadanosen jokamoldea, Vox «legitimatu eta zuritu» dutelakoan. Lopez Basaurin (Bizkaia) izan zen, eta «demokratikoki oso larritzat» jo zuen Voxek esandakoa, bai eta PPk eta C's-ek eskuin muturra «hauspotzea» ere. Ildo horretan, Odon Elorza PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburuak dei egin zuen «aurrerakoien mobilizaziora», uste baitu «egiazkoa» dela PPk, C's-ek eta Voxek gehiengoa osatzeko aukera.
Eskuin muturreko alderdiaz jardun zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ere, Etxarri-Aranatzen (Nafarroa). «Noiz utziko dute legez kanpo frankismoa Espainiako Estatuan, Alemanian nazismoarekin egiten duten moduan?», galdetu zuen, eta erantsi: «Euskal errepublikan, frankismoa eta faxismoa legez kanpo egongo dira». Hori horrela, «frankismoa eta faxismoa gelditzeko EH Bilduren borondate eta konpromiso irmoa» agertu zuen Otegik. Ekitaldi berean, Bel Pozueta indar subiranistako Nafarroako zerrendaburuak esan zuen Nafarroan «Voxeko frankistak UPN, PP eta Ciudadanosekin batera» aurkezten direla datorren igandeko hauteskundeetara: «Espainiako eskuinei eta bultzatzen ari diren inboluzioari aurre egingo dien ahots indartsu bat behar dugu Madrilen».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria
Urkulluk uste du Voxen jarrerak «bozen joko zelaia gainditzen» duela
Ilegalizazio mehatxua «demokraziaren aurkako erasotzat» jo du EAJk. Otegi: «Euskal errepublikan, faxismoa legez kanpo egongo da»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu